prentsa aretoa

Ongietorriak TO.PICeko Prentsa Arlora. Hemendik komunikabideetako profesionalek zentroari eta bere ekintza guztiei buruzko informazio osora sarbidea izango duzue eta logoak, argazkiak, dossierrak eta prensa oharrak deskarga ahal izango dituzue.

 

TOPic zentroak imajinazioaren eta elkarreraginaren aldeko apustua egin du bere proiektu museografikoan.

Dani Freixas arkitektoa arduratuko da "Txotxongiloen etxea" sortzeaz

TOPic zentroak imajinazioaren eta elkarreraginaren aldeko apustua egin du bere proiektu museografikoan

 

(Tolosa, 2009ko ekainaren 3a). Txotxongiloaren ondarea lehengoratzea eta zaintzea Tolosako Txotxongiloaren Nazioarteko Zentro izango denak ezarri dituen helburu nagusietako bat da. Helburu horri, beste zenbait ekintzaren artean, proiektu museografikoaren bidez helduko zaio. Proiektua gaur aurkeztu du Tolosan bere arduradunak, Dani Freixas arkitekto katalanak. Freixasen proposamenak museoa erakusleihotzat hartzen duen kontzeptu tradizionaletik ihes egiten du eta "Txotxongiloen etxea" deritzonaren alde egiten du. Biltegi handi moduko bat da, ganbera ezkutu eta magikoz betea; bere hitzetan, biltegia, ganbara, ganbera korazatua, tailerra, laborategia eta artxibo handia elkartzen ditu, haurren eta helduen imajinazioa pizten du eta jokoa sustatzen du. Plato edo antzeztoki batetik gertuago dagoen ingurune honetan kokatuko da TOPic zentroaren bilduma iraunkorra, une honetan 1.400 txotxongilo dituena.

 

TOPic zentroaren proiektu museografikoaren helburu nagusia haurrak eta helduak txotxongiloen artearen mundura hurbiltzea da, tradizio handietatik hasi eta egungo sortzaileetara. Eta hori guztia eskolei eta familiei zuzendutako funtzio hezitzailea eta haurren ametsezko munduan gero eta errotuago dauden ikus-entzunezko baliabideen ekarpen eta elkarreragin posiblea ahaztu gabe.

 

Horretarako, TOPic zentroak txotxongiloen bilduma garrantzitsua du. Bilduma horretan, mundu osoko hainbat herrialdetatik ekarri diren eta teknika ezberdinetan oinarrituta mugiarazten diren txotxongiloak daude. Asiako herrialdeetako erakusgaia da ugariena, baina bilduman badira, halaber, Amerikako, Afrikako eta Europako txotxongiloak ere. Guztira, 1.400 txotxongilo daude. Funtsa Titirijai txotxongiloen jaialdian izan diren partikular eta konpainien hainbat dohaintzari esker osatu da, edo erosketa, mailegu nahiz gordailuen bidez, horien artean, Mariona Masgrau bilduma, bere semeak, Octavi Rumbau Masgrauk, lagatakoa, Eugenio Navarro bilduma eta Joan Baixasen ekarpena, Joan Miróren Mermarekin.


TOPic zentroko funts gehienak XX. mendeko bigarren erdialdeko sorkuntza interesgarriak diren arren, nabarmendu beharrekoak dira XVIII. eta XIX. mendeetako itzal antzerkien bilduma edo XIX. mendeko harizko itzal antzerkiena. Lehenaldiaren ikuspegi hau oso lagungarria da oraina ulertzeko eta etorkizuna asmatzeko.

 

Bisitari eta lekuari buruz

TOPic zentroaren helburua txotxongiloaren mundua originaltasunetik eta berezitasunetik aztertzea da. Hori dela eta, txotxongiloaren munduko sekretuak eta altxorrak gorde, babestu, ikertu eta erakusteko leku bat bisitatzea proposatzeaz gain, tradizionalki egin izan den moduan, bisita joko bat edo aurkikuntza bat bailitzan ikustearen alde egiten du; bertan, jakin-mina eta konplizitatea funtsezkoak dira. Horrela, ikusleari, bere adina edozein dela ere, parte hartzeko eta ez, soilik, ikusteko bisita egitea proposatzen zaio. Horretarako, Dani Freixas arkitekto katalanak eta bere taldeak plato, antzeztoki edo, areago, laborategi kontzeptutik hurbilago dagoen eremua sortu dute. Eremu horretan, hormak eta sabai beltzak, ispiluak, argiaren tratamendu berezia, izaren gaineko irudiak, itzalezko izarak, idulki, mahai, beira-arasa, pantaila edo antzoki txiki gisa erabiltzen diren kutxak, etab. elkartzen dira. Azken batean, oroitzapenak sortzeko, imajinazioa pizteko eta jokoa sustatzeko pentsatutako eremua, museoaren kontzeptu tradizionaletik nabarmen urruntzen dena.

 

Erakusketako ibilbideari buruz

"Txotxongiloen etxeko" bisita zazpi gune handiren inguruan antolatzen da. Gune horiek hari bisualak lotzen ditu eta, euskarri ezberdinen bidez (kutxak, antzoki txikiak, ateak, atrezzoa, ispiluak, izarak, argiztapena eta proiektagailuak), bakoitzeko edukiak berritzea ahalbidetzen du eta malgutasuna ematen du. Horrela, erakusketa iraunkorra maiz berritzen den eta, ondorioz, TOPic zentroko bildumaren ikuspegi ezberdinak ematen dituen gune aldakor bihurtzen da.

 

Hona hemen "Txotxongiloen etxeko" ibilbidean dauden guneak:

 

Ongietorria

Museoko maskotak, Marionak, bere sekretuak ezagutzeko aukera ematen digu

 

Kontrol gela

Bertan, geografiaz eta tradizioez hitz egiten da eta ezagutzen ditugun txotxongilo guztiak non dauden kontrolatzen du

 

Pertsonaien galeria

Mundu osoko panpinak gordetzen dira. Titiriteroak bizitza ematen die eta, hala, edozein istorio azal diezagukete. Era berean, pertsonaia bihur daitezke eta beren izaera azalduko digute: ona, gaiztoa, itsusia, heroia, doilorra, etab.

 

Tailerra

Proba aretoa. Bertan, txotxongiloak eta antzeztokiak erabiltzeko eta eraikitzeko teknikei buruzko sekretuak gordetzen dira, eta horrek emango die bisitariei elkarri eragiteko aukera. Gune hau beste hirutan banatzen da: kutxen aretoa, ondoren tailerrean erabiltzen diren material, tela eta maskara guztiak gordetzekoa; ezustekoen kutxa, ikuskizun berezietarako, objektuen eta hatzen ikuskizunetarako eta abarrerako; eta kutxa txikiak, ikuskizun txikietako ezustekoak gordetzeko.

 

Sortzaileen korridorea

Titiriteroak beste artista, musikari, pintore eta eszenografoekin elkartzeko eta beren lorpenik handienak gordetzeko

 

Ganbera magikoa

Fantasiazko instalazio edo antzeztokiak gordetzeko

 

Istorioen biltegia

Mundu osoko txokoetatik ekarri diren txotxongiloak beren tradizio eta kulturekin batera gordetzeko

 

Ontziratutako denboraren aretoa

Animazioko zineari buruzko sekretuak gordetzen dira bertan. Gune hau ere beste hirutan banatzen da: barrearen makinak, robotak, animatronic delakoak eta beste panpin mekaniko batzuk gordetzeko; ametsezko munduaren artxiboa, istorio, ipuin eta fantasia guztiak gorde eta erakusteko.

 

Tribuna

Museoko laborategiak egiten dituen edo beste museo batzuekin trukatzen dituen aurkikuntzak biltzen ditu

 

Azken batean, eremu erakargarri eta interaktiboa, TOPic zentroaren erakusketa iraunkorra eta zentroak sustatzen dituen aldi baterako erakusketa monografiko espezializatuak barne hartuko dituena.

 

 

Ikus-entzunezko produkzioei buruz

Proiektu museografikoa ikus-entzunezkoetarako eta multimediarako diseinuak osatzen du. Diseinu hau, gainera, tresna didaktiko gisa ere erabiliko da ibilbide nagusian.

 

Hiru muntaia nagusi daude, finkoak, baita beste zortzi ere ibilbideko beste gune batzuetan kokatuta, oraindik zehaztu ez diren tematikei buruzkoak, batzuk erabiltzeko eta egiteko teknikekin lotuta eta beste batzuk, berriz, hainbat arlo ukitzen dituztenak.

 

 

Kontrol gela

Kontrol gelako ikus-entzunezkoak txotxongiloen mundura hurbiltzea proposatzen du, panpinak, irudiak, erabilera, tradizioak eta geografia uztartuta. Ikus-entzunezkoa baino gehiago, multimedia azalpena da eta, ispiluen eginkizun eszenikoa eta teknologiaren baliabideak erabilita, munduko txotxongilo teknika eta tradizio ugariak zeintzuk diren, non dauden eta nola agertzen diren azaltzen zaigu eremu honetako parez pareko bi aldetan.

 

Pertsonaien galeria

Amaierarik gabeko apal batean ordenean jarritako mundu osoko txotxongiloak aurkeztuta, pertsonaien galeriako ikus-entzunezkoak txotxongiloen arloko pertsonaia eta protagonista nagusiak ezagutarazten ditu: zeintzuk diren onak, gaiztoak, itsusiak, heroiak, maltzurrak, magikoak, iruzurtiak, etab. Eta hori guztia, mito, tipo, liturgia eta legenda gisa hartuta, munduko leku desberdinetan errepikatu egiten direla edo antzekoak direla eta sentimendu eta sinesmen berberak dituztela ulertzeko.

 

Istorioen artxiboa

Istorioen aretoko ikus-entzunezkoa protagonistatzat txotxongiloak dituzten kontakizun guztien saski-naskia da. Kontakizun horiek ia gure ametsezko mundu fantastiko osoa biltzen dute neurri handi batean.

 

Liburu amaigabearen orrialdeak istorio horiekin guztiekin betetzen dira eta, horietan, titiritero ospetsuen era guztietako teknikak, esperientziak eta ikuskizunak ekartzen dira berriz ere gogora. Zentroko artxiboaren eta liburutegiaren erakusgai handi baten modukoa da.

  

Dani Freixas


Dani Freixasek sortu zuen, Vicente Miranda, Eulàlia González eta Vicenç Bourekin batera, Varis Arquitectes sozietate profesionala. Honek hainbat eratako proiektuak prestatu, zuzendu eta gauzatzen ditu arlo ugaritan: arkitektura, eremu publikoa, museografia, barne diseinua eta muntaia iragankorrak.

 

Hiru hamarkadatan aintzatespena eta saria jaso duten lanen artean azpimarratu beharrekoak dira Zsa-Zsa koktel tabernaren interiorismoa (1988ko FAD saria), Seltz jatetxekoa (1992ko FAD saria) eta Madrilgo Nodo jatetxekoa (1999ko Ayuntamiento de Madrid saria); Vintró familia bakarreko etxebizitzaren arkitektura (1976ko FAD saria), baita Ramón Llull eraikinean kokatutako Komunikazio Zientzien Fakultatearena ere (1997ko Ciudad de Barcelona sariaren finalista); Clot parkeko hirigintza (1986ko FAD saria); Rey Favila itsasontzian kokatutako "100 Años en Barcelona. Mariscal en el Moll de la Fusta" erakusketako eremu iragankorrak (1987ko FAD saria), baita "El Dublín de James Joyce" erakusketakoak ere (1995eko FAD saria); "Tierra!!!" erakusketako multimedia muntaia 1992ko Sevillako Erakusketako Nabigazioaren Pabiloian (Ikus-entzunezkoen Nazioarteko Epaimahaiaren -FIAV- 1992ko Sari Nagusia), eta "El Mundo del Císter en Cataluña" erakusketakoa Santes Creus monastegian (2001eko Profesionales de Turismo Internacional de Tarragona saria). Aipagarria da, halaber, Italiako Taranto probintzian egindako Felifonte jolas parke tematikoa. Proiektu handia izan zen eta ondorengo lanak egin ziren: hirigintza, arkitektura, interiorismoa eta ikus-entzunezko instalazioak. Horrez gain, nabarmentzekoak dira Bartzelonako Musikaren Museoa (2007ko FAD sarien finalista) eta Minas de Gavà parke arkeologikoa (iritziaren 2007ko FAD saria eta lehenengo saria Baix Llobregat, Alt Penedés i Garrafeko Arkitekturako 2. Trienalean, 2008an).

 

Eremu pertsonalean, Dani Freixas arkitektoa 90eko hamarkadako interiorista hautatu zuen Diseño Interior aldizkariak 2000n eta Zientziaren eta Teknologiaren Ministerioak eta Barcelona Centre de Diseño Fundazioak ematen duten Diseinuaren 2001eko sari nazionala eskuratu zuen. 2004an Kataluniako Diseinatzaileen eta Dekoratzaileen Elkargo Ofizialak ematen duen Santiago Marco domina lortu zuen; 2005ean urteko Gabanéense izendatu zuen Gavàko Udalak eta 2007an Kataluniako Generalitateak Arkitekturaren eta Eremu Publikoaren sari nazionala eman zion Minas de Gavà parke arkeologikoagatik.

 

Une honetan Varis Arquitectes SLk ondorengo lanak ditu esku artean: Tibidabo jolas parkea birmoldatzeko lanak; Espulga de Francolíko (Tarragona) Landa Bizitzaren Museoaren proiektu arkitektoniko eta museografikoa; Sabadelleko Gas Museo berriaren proiektu arkitektoniko eta museografikoa; eta Bartzelonako Born auzoari buruzko Museoaren proiektu museografiko eta museologikoa, Bopba Arquitecturarekin elkarlanean. Ondorengoetan ere badihardu: Castellers delakoei buruzko Museoaren (Tarragona) proiektu arkitektoniko eta museografikoan; Santa Coloma de Gramaneteko (Bartzelona) Torre Balldovina Museoaren proiektu arkitektonikoan; eta lehengo Gran Vía de Bilbao zine aretoa birmoldatzeko proiektuan, Sala BBK Bilbao kulturgune bihurtzeko.

 




















Topic Plus
Sarrera salmenta


 

prentsa oharrak artxiboa

Bisita bannerrak


jarraitu Twitter-en




jarraitu Facebook-en


En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.