Txotxongiloen Nazioarteko Eguneko mezua

UNIMA-k 90 urte bete ditu

Txotxongilolari maiteok, UNIMAko bazkideok, gaur gurekin zaudeten munduko lankide guztiok, ongi etorriak bihotz-bihotzez!

Txotxongiloaren Nazioarteko Egunerako 2019ko UNIMAren mezua idazteko eskatu zidatenean, erabat hunkitu nintzen. Ohore ikaragarria baita. Harro nago zuekin batera munduko txotxongilo antzerkiaren elkarterik zaharrena partekatzen dudalako. Tradizioa, talentua, irudimena eta lan gogorra: horra hor UNIMA zutik mantentzen duten zutabe mardulak. Gure sortzaileen bidez, ikuspegi finez lan egin dutenen bidez, forma eman diogu gaurko txotxongilo munduari. Haietako zenbait gure artean dira, beste zenbait gure gogoetan, baina haien ideiak, balioak, ondare artistikoa eta bereziki enpatia, bizi-bizirik daude oraindik, mundu osoan zabalduta ditugun 90 zentro nazional eta ordezkariei esker.  

Hasiera-hasieratik, sormena, gogoetak eta lana elikatzeko, babesteko, partekatzeko eta batzeko plataforma izan da UNIMA. 90. urteurren honetan, belaunaldi eta txotxongilolari berriekin lotu behar dugu konpromisoa, hala arte tradizionala nola berritzailea egiten dutenekin hain zuzen. Haien irudimenaren, sormenaren eta ideien bitartez sortuko baita edertasuna. Hala esatea baldin badagokit, zubi batean gaude gu orain, aurreko belaunaldien eskarmentua jaso eta geure burua berriz asmatzen ari gara, eta, bide batez, etorkizun distiratsu eta positiboari so ere bai.

Teknologiaren aroan bizi gara, eta aukera handiak eskaintzen dizkio teknologiak hala txotxongiloari nola UNIMAri: ikusle berriak lortu, txotxongiloekin istorio biziagoak kontatu, banaketa modu berriak eskuratu eta gure lana erakusgai ipintzeko plataforma berriak sortu.

Maiz galdetu izan dit jendeak zer dela eta dagoen UNIMA. Hauxe erantzuten diet: UNIMA Giza Baliabideen familia bat da, eta mundu osoaren eskura dago gainera. Boluntarioen armada itzela daukagu planeta osoan zehar, eta beti daude talentuari laguntza eta elikadura eskaintzeko prest.

Zerk erakartzen gaitu hainbeste guk bizia eskaintzen diogun artegintza honetatik? Bizia lortzen duen bizigabea al da erakartzen gaituena, gu esatera ausartzen ez garena esateko zilegitasuna duelako? Ala gure burua ikusi nahi dugu bere arazoak manipulatzen dituen sortzaile gisa? Erantzuna edozein delarik ere, mundu osoko txotxongiloek adierazi, jolastu, borrokatu, maitatu egin dute, gure memoria aberastu dute, gure oroitzapenak lotu dituzte gure orainarekin. Horixe erakusten diegu gizaldi berriei: gure balio eta tradizioei eutsi ez ezik, ideia berrietarantz zabaldu beharra daukagu.

Ospa dezagun bada maitasun hau. Ez soilik txotxongiloaren artearen izenean, baizik eta gaur nazioen eta kulturen arteko ezberdintasunak ulertarazten, elkar hurbiltzen eta babesten uzten digun artearen izenean ere. Elkarte eta forma artistiko honek giza baliorik onenak sustatzeko bidea ematen digu, besteak beste, bakea eta jatorri, kultura, erlijio eta joera politiko desberdinen arteko elkar ulertzea. Giza Eskubideei buruzko Nazio Batuen Aldarrikapenak adierazten duen errespetuaz ari naiz. 90 herrialde baino gehiagotan, Txotxongiloaren artea jorratzen dutenen plataforma da UNIMA. Bertan trukatu eta partekatu dezakete edozer txotxongilolariek, ikerlariek, historiagileek eta forma artistiko hau maite duten guztiek.

Txotxongiloaren Nazioarteko Egunean, pozik ikusten dut gure erakundea hainbeste jenderi zabaldua. Munduan barrena, hamaika komunitatera iritsi gara, batez ere gutxien dutenengana, txotxongiloaren arteaz gozatzeko aukera urriak zituztenengana alegia. Ohore bat da zuekin lan egitea eta UNIMAko presidente izatea. Nire bidaietan zehar batasun handia sentitu dut mundu osoko txotxongilolarien artean. Sugar bat bada zuek guztiongan, martxan mantentzen gaituen sugarra, egoera edozein delarik ere. Beti topatzen dugu irribarre bat elkarrekin gogoetak eta ideiak trukatzen ditugunean. Lagun minak egin ditut zuei esker, familia zoragarri bat osatu dut mundu osoan, eta bizitza guztian zehar bihotzean eramango dut sentimendu hori.

Mila esker.

Dadi D. Pudumjee

Nazioarteko UNIMAren presidentea

 

Topic Plus
Sarrera salmenta


 

Bisita bannerrak


jarraitu Twitter-en




jarraitu Facebook-en


En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.