Tolosako 35. Titirijai Txotxongilo Jaialdiaren balantzea

300 ikusle inguruk ikusi dituzte Jaialdiko 17 ikuskizunak

35. Titirijai Jaialdia atzo amaitu zen barruko bi ikuskizun eta kanpoko beste batekin. Barruko ikuskizun horietako bat izan zen hain justu, epaimahaiaren saria jaso duena, Michele Cafaggi eta bere “Euriaren gizona” ikuskizuna.

8300 ikusle inguruk ikusi dituzte Jaialdiko egitaraua osatzen zuten 17 ikuskizunak. Kopuru polita, kontutan hartuta duela 35 urte Tolosan txotxongiloak ia ezezagunak zirela.

“Titirijai bikain bat izan dugu, eta gainera eguraldiak ez digu ia lagundu lehendabiziko egunetik” esan du Idoya Oteguik, Jaialdiko zuzendariak. Baina ez hotzak, ez euriak, ezta ikusteko aukera izan dugun elurrak berak ere ezin izan dute gure ikuslego fidel eta emanarekin. “Badakit oso topikoa dela esatea arrakasta bat izan dela eta dena oso ondo atera dela, baina horrela izan da. Gurea bezalako ikuslego bat ondoan izatea, sekula alde batera uzten ez gaituena, behin eta berriz etortzen dena eta urtez urte zoriondu egiten gaituena; gogo handiz etorri eta proposatzen diegun edozertan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleekin; urtero gogo biziz etortzen diren txotxongilolariekin badakitelako beti ongi etorriak izaten direla eta txalo zaparrada batekin jasotzen ditugula…”


Jarduera osagarriak

Aurten Jaialdia osatzen duten beste jarduera batzuk ere izan ditugu. Hauetako batzuk Jaialdiarekin batera gauzatu dira, “Solasean” izeneko solasaldiak bezala. “Gauero, helduen ikuskizunaren ostean, Topic-eko anbigu espazioan, ikuskizuneko artistekin modu informal eta luze batez hitz egiteko aukera izan dugu, beraien lanari buruz gehiago jakiteko, bere zailtasunei buruz, nola aukeratzen dituzten gaiak, ze teknika erabiltzen dituzten, musika…” azaltzen du Encarni Genuak, Txotxongillo taldekoa eta Jaialdiko hastapenetatik  antolakuntzan ibili denak.

Aurten eta bigarren urtez jarraian, UNIMA Euskalherriak eta Tolosako TOPIC-ek Udazkeneko Eskola antolatu dute. Objektu, figura eta irudien animazio garaikideari buruzko ikastaroa izan da eta diziplina anitzetako artistek parte hartu ahal izan dute: antzerkizale, dantzari, artista plastiko, dramaturgo, denak Joan Baixas maixuaren zuzendaritzapean.

 

Aurten ere, lanbideari beraien aletxoa jarri dioten erakunde edo pertsonei merezitako omenaldia egin die 35. Titirijai Jaialdiak. Hauek izan dira omenduak: La Tartana Teatro, 40 urtetako txotxongilo-ibilbideagatik; Rocamora Teatre bere txotxongiloekin 35 urtez eginiko ibilbideagatik; Artez aldizkaria, 20 urte daramatzalako arte eszenikoen berri ematen; Joan Baixas, Topic eta Titirijai Jaialdiarekin lotura handia duena eta txotxongilo-jakintzaren iturri amaigabea den Charleville-Meziéres-eko Txotxongilo Jaialdia. Hauei guztiei omenaldia eskaini zitzaien Topic antzokian eta oroigarri-diploma bat eman zitzaien. Olatz Peon, Tolosako Alkatea eta Boris Ravignon, Charleville-Meziéres hiriko alkatea ere bertan egon ziren.

 

 

Bukatzeko, Jaialdiarekin batera izan dugun beste jarduera berria Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin elkarlanean antolatutako …bizitzEKO! tailerra izan da. Ekimen berritzailea, ikastetxeetako ikasleei zuzendua, birziklapenean oinarritzen dena eta orain, Madril eta Sevilla bezalako hirien jomugan dagoena. “Berealdiko esperientzia izan da, Topic-etik sortu eta diseinatutako ideia batetik hasi ginelako eta ez genekien nolako arrakasta izango zuen; horrelako ekimen bat martxan jartzen genuen lehendabiziko aldia zen”, dio June Gerrikok, Topic-eko pedagogia arloko teknikari eta ekimeneko arduradunetako batek. 









Bisita bannerrak


jarraitu Facebook-en


jarraitu Twitter-en




En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.