II. Udazkeneko Eskola. Topic Tolosa

2017ko azaroaren 26tik abenduaren 2ra

Bigarren urtez jarraian, UNIMA Euskalherriak eta Tolosako TOPIC etxeak, Tolosako Titirijai jaialdiarekin bat eginik, Udazkeneko Eskola antolatuko dute.

Espainiako UNIMA Federazioarekin bost urtez Udako Eskola antolatu ostean, bide honen aldeko apustua egin genuen, eta biziki estimatu zuten ikasleek. Gainera, egindako galdeketek eskema berbera mantentzera animatu gaituzte, hau da, Eskola Jaialdiaren esparruan gauzatzera. Horri esker, Jaialdiko ekitaldiak ikusteko aukera dute ikasleek, baita txotxongilolarien bizikide izateko ere. Alegia, Eskola ez da ikasketa soila, haratago doan zerbait baizik.

Aurtengoan argia eta itzala izango dira Eskolaren ardatz, eta horretarako Europa mailako aditurik handienetakoa edukiko dugu gure artean.

Mapamundi Sonrisa

Irakaslea: Joan Baixas
Egunak: Azaroaren 26tik Abenduaren 2ra
Ordutegia: 16:00 - 20:00
Iraupena: 28 ordu
Maximoa: 15 ikasle
Prezioa: 250€

Animazio garaikideari buruzko ikastaroa, objektuen, figuren eta irudien gainean. Diziplina anitzetako artistei luzatzen zaie bertan parte hartzeko gonbita: aktoreei, dantzariei, artista plastikoei, antzerkigileei.

Mapamundi - Sonrisa lan irekia da, Joan Baixasek 1999. urtetik munduko hainbat hiritan aurrera daraman artelana: Bartzelonan, Delhin, Habanan, Tallinen, Charlevillen, Oloten, Kylkennyn, San Petersburgon eta beste hainbat lekutan.

Artearen esparru garaikide askotan topa dezakegu animazioa: arte eszenikoetan, arte plastikoetan eta dantzaren munduan. Testuinguru horretan, animazio zinemotografikoa teknika digital zein analogikoekin erabili ordez, zuzenean gauzatzen da animazioa, objektu, figura, material, txotxongilo, forma, irudi margotu edo proiektatuak baliatuz.

“Manipulazioa”ri kontrajartzen zaion “animazioa” da. Animatzea anima (arima) ematea da, objektu artistiko bati bizitza ematea hain justu. Modu horretan, objektuari bere memoria eta iradokizunak aitortzen zaizkio, bere oihartzunak eta sinbolismoa hartzen dira aintzat.

Proposamen honetan, parte-hartzaileek animazio txikiak sor ditzakete materialik apalenak erabiliz. Ez dute ia lanketarik behar. Mugimenduari, arnasketari eta hitzari esker animatzen dira objektuak, antzezlearen eta objektuaren arteko fusioaren eraginez.

Ikastaroan hainbat ariketa gauzatuko dira, hainbat abiapuntu dituztenak: poesia, musika eta bat-batekotasuna.

Ikastaro honetan kontua ez da teknikak, alor estetikoak edo emaitza zehatzak helaraztea. Sormenean eta dramaturgian hartzen du oinarri lanak, alegia, animazioaren erretorikan eta poetikan. Horren harira, bai ariketek bai proposamenek gai orokor bat izango dute ardatz, zabala eta kontrolaezina, eta sormenezko kaosa onartzean datza apustua.


MAPAMUNDI – SONRISA Modu honetan iragartzen dugu ikastaroaren gai nagusia. Munduaren hamaika mapa badago: geografikoak, ekonomikoak, metereologikoak, baliabide naturalei buruzkoak, sinesmen erlijiosoei buruzkoak, arazo sozialen gainekoak. Mapa horietako bakoitzak munduaren ikuspegi jakin bat islatzen du, hein batean, ideologia jakin bat. Ondorioz, mapa oro da behin-behinekoa, zehaztasunik gabekoa eta zaharkitua.

Partaideei, ariketa eta animazioen bidez, euren munduaren ikuspegia adierazteko proposatuko diegu.

Poesiaren, umorearen eta laguntasunaren mapamundia da guk proposatzen duguna, apurka-apurka munduaren inguruan marrazten ari garen hura hain zuzen.

JOAN BAIXAS

Margolaria eta eszena zuzendaria da Joan Baixas. Bartzelonan sortu zen, arista eta bidaiarien familia baten baitan. Antzerki bisualari esker egin da ezagun, non eta margoak nahasten baitituen txotxongiloekin, maskarekin, robotekin eta irudien proiekzioarekin.

Teatre de la Claca (1967-1988) taldearen zuzendari jardun zuen. Bertan, munduan barrena furgonetan zebilen neurrian, hainbat artista aritu ziren bere lankide, besteak beste, Joan Miró, Antonio Saura, Matta, Luís Pascual, Joglars, Circus Oz. Edozein eremutan aurkezten ditu bere lanak, kale eta esparru herrikoietatik hasi eta hainbat leku deigarrira arte: New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoak, Centre Pompidou, Modern Tate, Sydney Opera House, Teatre del Liceu, Hong-Kong Arts Festival, Londreseko ICA, New Yorkeko Saint Marc’s e.a..

Era berean, festa eta ekitaldi jendetsuak ere zuzendu ditu, baita noizbehinkako lankidetzak telebista, moda eta publizitatearen esparruan. Hala Institut del Teatre de Barcelona eskolan nola nazioarteko beste eskoletan aritzen da maisu lanetan. Poesia lanak argitaratu ditu, eta bere jarduerari buruzko zenbait artikulu ere bai.

PROGRAMA:

9:00 – 11:00: Borondatezko lana Dokumentazio Zentroan. Lehen egunean Dokumentazio Zentroaren aurkezpen orokorra egingo dugu.

Interesik duenak, TOPICeko aditu bat lagun, bertara sartzeko aukera izango du Ikastaroaren gainerako egunetan.

11:00: TITIRIJAIko txotxongilo saioa TOPICen. Mahai-inguruan parte hartu.

13:00: Bazkaria.

14:00: Leidor antzokian Titirijaiko beste txotxongilo emanaldi bat. Mahai-ingurua txotxongilolariekin.

16:00 – 20:00: Ikastaroko eskola teorikoak zein praktikoak, Joan Baixasen eskutik.

22:00: TITIRIJAIko helduen emanaldia TOPICen; jarraian, Ambiguan, Copa con… ekitaldia aurkeztu duen artistarekin mahai-ingurua.

Jendurreko aurkezpen-ekitaldi batek emango dio errematea ikastaroari. Oihal erraldoi batean margo bat egingo dugu, eta partaide guztiok elkarlanean arituko gara.


 












Bisita bannerrak


jarraitu Facebook-en


jarraitu Twitter-en




En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.