Topic zentroak erakusketa eskainiko dio Mariona Masgrau txotxongilolari katalanari

‘Mariona Masgrauren artea. Bidaia pedagogikoa, txotxongiloaren mundura’ amargaren erakusketa izango da

Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak ‘Mariona Masgrauren artea. Bidaia pedagogikoa, txotxongiloaren mundura’ erakusketa inauguratuko urriaren 6an. Topic zentroak antolatutako aldi baterako amargaren erakusketa izango da, eta azaroan, bat egingo du Titirijai Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 30. ekitaldiarekin.

Erakusketa martxoaren 10era arte egongo da zabalik, eta Mariona Masgrauk sortzaile gisa egindako ibilbide osoa biltzen duten 110 pieza izango dira bertan ikusgai. Topic zentroko museo atalaren arduradun María San Sebastiánek azaldu dudnez, “erakusketa berezia da; harizko txotxongiloak izango dira nagusi, eta neurri handiko panpinak jarriko ditugu diraikusgai, horietako batzuk zeramikazkoak”.

Sortzaile katalanak haurrentzat nahiz helduentzat lan egin zuela eta, San Sebastiánek zera nabarmendu du: “Pieza batzuk bitxiak dira, ez direlako estetika ‘politaren’ barruan sailkatzekoak; alegia, gogorrak eta harrigarriak dira, baina, aldi berean, erakargarriak”.

Mariona Masgrauk (1949-2007) harreman estua izan zuen Tolosako Txotxongilo Jaialiarekin. Lehenik, La Fanfarra taldeko kide gisa, eta, aurrerago, bakarkako ibilbideari ekin zionean. Behin baino gehiagotan izan genuen Tolosan eta Jaialdian, lehengoz ia hastapenetan, 1987an, ‘La Reina Blanca’ ikuskizunari esker. Eta, azkenekoz, berriz, 2002an,‘De tanto que te quiero’ obrarekin. Hain zuzen ere, txotxongiloen nazio mailako nahiz nazioarteko esparruan egindako lan bikainari esker, behin eta berriro egin zuen Titirijaik haren aldeko apustua.

Zoritxarrez, Marionak ezin izan zuen etorri Topic zentroaren inauguraziora, 2009aren amaieran. Ezin izan zuen ikusi hainbeste urtetako lanaren fruitua eta Titirijairen bilakaera. Bai, ordea, haren lagunek, lankideek eta, batez ere, haren semeak, Octavi Rumbau Masgrauk. Semeak amaren esparru artistiko bera lantzen ez duenez, musika baizik, Marionaren txotxongilo arloko ondare guztia Topic zentroari eman dio, gordailu modura, behar bezala kontserbatzeko eta zabaltzeko. Berrehun piezatik gorako bilduma da.

Marionari eta haren txotxongiloei buruzko lehen erakusketa 2009ko udan egin zen, Donostian, Kutxaren Boulevard erakusketa aretoan. Orduan egin zen, halaber, Topic zentroaren jendaurreko aurkezpena. “Museoaren txotxongilo bildumaren beraren baitan, Octavik gordailu modura emandako bildumaren garrantzia nabarmendu nahi izan genuen, eta areto berezi bat eskaini genion. Nolanahi ere, Topic zentroak konpromiso sendoa du txotxongilolariarekin eta haren ondarearekin, eta aspalditik genuen berari eta haren bilduma bikainari erakusketa monografikoa eskaintzeko asmoa, bilduma hori orain Topic zentroan ongi babestuta dagoela baliatuta”, azaldu dute Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroko arduradunek.

Toni Rumbauren arabera –La Fanfarra taldearen sortzaileetako bat, Mariona Masgraurekin batera–, “zaila da Marionaren lana definitzea”, baina adjektibo hauek lagungarriak dira haren artera hurbiltzeko: “ausarta, zakarra, egiatia, autonomoa, funtsezkoa, benetakoa, noblea eta adoretsua”. Eta artistari berari buruz, berriz, hauxe dio: “Enpatia nabarmeneko emakumea zen, eta ez zuen inolako eragozpenik egia biribilak botatzeko. Horrek lagunak eta etsaiak ekarri zizkion, eta emozioen esparru labainkorrean haiekin moldatzen ikasi behar izan zuen”. Rumbauren aburuz, Marionaren obrak “gainditu egin du iragankortasunarena, antzerkiak zigor baten modura daraman zama hori”.

Sortzaile bitxia

Danimarkara alde egin zuen, errefuxiatu politiko modura (1973-75), eta, ondoren, Portugalen ekin zion txotxongilolari karrerari. Hain zuzen ere, esperientzia zirraragarri hark piztu zion txotxongilolaria izateko garra, gerora Bartzelonan sendotu zuena, 1976an La Fanfarra taldea sortu zuenean, Eugenio Navarro eta Toni Rumbaurekin batera.

Tailerreko nahiz oholtza gaineko txotxongilolaria izan zen, eta hark asmatu zituen taldearen hastapenetako ikuskizun guztietarako panpinak. Ordukoak dira ‘Malic en Babilonia’, ‘La Historia del Rey Triste’, ‘La Fuente de la Eterna Juventud’, ‘Los Pastorcillos’, ‘La Leyenda de San Jorge’ eta beste hainbat obra gogoangarri.

1984an, La Fanfarrak Malic antzokia ireki zuen. Espazio aitzindaria izan zen Bartzelonako eszena alternatiboan, eta haren zuzendaritzan eta gestioan parte hartu zuen Mariona Masgrauk. Taldea nazioarteko jaialdi ospetsuenetara iritsi zen pixkanaka.

1995ean, bakarkako ibilbideari ekin zion Mariona Masgrauk. Eta emakumea oinarri duten ikuskizun ezin originalagoak sortu zituen, Ana Maria Moix, Joan Casas eta Rafael Metlikovec egileekin lankidetzan, besteak beste. ‘Mangalena’, “Constantina’, ‘Sophia’, ‘La Capsa de Joguines’, ‘De tanto que te quiero’ eta ‘El Despertar de las Pasiones’ dira etapa horretako obrarik aipagarrienak.
2002an, Teatre Malic itxi zenean, abentura berri bat hasi zuen: Espai Fènix antzoki-tailerraren proiektua. Proiektu hura, ordea, ezustekoan etenda gelditu zen, Mariona hil zelarik, 2007an.

Tokia: Topic (Euskal Herria Plaza – Tolosa) Tlf.- 943650414
Ordutegia: Lanegunetan: 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Asteburuetan: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Sarrera erakusketa itxi baino ordu erdi lehenago itxiko da.
Data: Martxoaren 10ra arte

Prezioak


 












Bisita bannerrak


jarraitu Facebook-en


jarraitu Twitter-en




En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.