Abian da UNIMAren Udako Eskola, Topic zentroan

Lau ikastaro eta lau antzezpen izango dira ekainaren 27tik uztailaren 4ra

Unima Federación España, Unima Euskal Herria eta Topic erakundeek antolatutako Udako Eskolak helburu bikoitza du. Batetik, txotxongiloaren profesionalak trebatu nahi ditu; izan ere, trebakuntza hori eskaintzeko premia nabarmena dago, gure herrian autodidaktak baitira txotxongiloaren arloko profesional gehienak. Espainiako estatu osoan ez dago txotxongiloaren artean profesional modura dihardutenen premiei erantzuteko hezkuntza formalik, beste herrialde batzuetan ez bezala.

Era berean, antzezleen antzerkitik datozen beste pertsona batzuei txotxongiloaren arloko trebakuntza emateko helburua ere badu; ildo horretatik, mestizaia aberasgarri bat sustatu nahi du ekimenak, baita hezkuntzaren mundura ere iritsi ere, gero eta irakasle gehiagok baitute baliabide hau lantzeko interesa, beren irakasle lana garatzen lagun diezaielakoan. Artea oro har maite dutenei ere beren garapen pertsonal eta artistikorako bide berriak zabalduko dizkie ekimen honek.


Txotxongiloaren ikusmira, lau ikastarotan

Ikastaro nagusia, “Txotxongiloaren indarra”  (ekainaren 27tik uztailaren 4ra), Nevil Tranter irakasleak emango du (Australia). Tranter (argazkian, “Punch and Judy en Afganistán” obra antzezten) txotxongiloaren arloko maisu handia da. Estilo berezi eta bereizgarri bat sortu du, antzerkiko tresna antzinakoenetakoak eta abangoardiako teknologiak uztartuta, eta gai da ikusleek luzaroan ez ahazteko moduko irudiak gogora ekartzeko.

Juan Cregok (ekainaren 27a eta 28a) “Antzerki eszenografiarako ikus-entzunezko teknologiako eta teknologia digitaleko ikastaroa” emango du. Crego irakasleak ikuspegi teorikotik nahiz praktikotik landuko du arlo hori, txotxongilo jarduera garatzeko funtsezkoa dena, gutako askorentzat oso berria izan arren, bestalde.

Greta Bruggemanek “Txotxongiloen eraikuntza eta bizia” ikastaroa emango du (uztailaren 1etik 4ra). Cannesen egoitza duen Arketal taldeko kidea da Bruggeman. Eszenografoa da, eta ikuskizunen zuzendaria. Haren kezka nagusietako bat irudiari bizia ematea da, eta, kezka horrek bultzatuta, ikastaro asko ematen ditu, ez soilik txotxongilolarientzat, baita antzezle, musikari, eszenografo, marrazkilari nahiz eskultoreentzat ere.

“Txotxongiloa eta haur literatura” ikastaroa (ekainaren 29a eta 30a) Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroen eta Udako Eskolaren egitarauan ageri da. Iaz abiatu genuen lankidetza hori Topic zentroak eta Unibertsitateak, eta, zer-nolako arrakasta izan duen ikusita, iaz egun bakarrean gauzatutako ekimena aurten bi jardunalditara hedatu dugu, eta goi mailako bi irakasle ekarri ditugu, txotxongiloen eta literaturaren arteko erlazioa aztertuko dutenak, bi ikuspegitatik abiatuta.

Lehenengo egunean, Fernando Marias euskal idazle eta haur nahiz helduentzako literatura lan ugariren egileak pertsonaia literario bati bizia emateko gauzatzen ari den prozesua aurkeztuko digu; pertsonaia hori pertsonaia erreal bihurtzeko, gizarte sareak erabiltzen ari da, batik bat.

Bigarren egunean, Rodorinek –txotxongilolaria, ipuin kontalarien topaketen antolatzailea eta jarduera artistiko ugariren asmatzaile eta egilea– pertsonaiei bizia ematen erakutsiko digu, papera, oihala, gauzak, jolasak, liburuak eta, batez ere, sentiberatasuna eta irudimena erabiliz.


Lau emanaldi


Eskolak iraungo duen egunetan, hiru txotxongilo lan antolatuko dira Topic zentroan, publiko orokorrarentzat nahiz ikastaroetako parte hartzaileentzat. Izan ere, garrantzizkoa da alderdi ludikoa lantzea, eta, bide batez, gogoeta egiteko eta, horrenbestez, ikaskuntzarako lagungarria izango da.

Ekainaren 27an, 20:00etan, Elcheko Ibero Teatro taldeak "'La rata" eskainiko du, ikusle helduentzako irakurketa dramatizatua.

Ekainaren 29an, 20:00etan, “Punch and Judy en Afganistán” antzeztuko Stuffed Puppeteko Nevil Tranterrek. Holandan finkatutako australiar artista handia aurtengo Eskolan irakaslea ere arituko da, gainera.

Ekainaren 30ean, 19:00etan, “Retablillo de títeres y cuentos” lana antzeztuko du Rodorin taldeak. Ahozko tradiziotik eta egile garaikideen lanetatik ateratako kontakizun laburren sorta batek osaturiko emanaldia izango da.

Uztailaren 1ean, 20:00etan, Mimaia taldeak berriki estreinaturiko “Adios Bienvenida” lana aurkeztuko du. Obra hori iaz Topic zentroan egindako hiru hilabeteko sorkuntza egonaldian sortu zuten. Fruitu ederra eman zuen egonaldiak: orotariko ikusleentzako ikuskizuna.

Informazio gehiago





 

Bisita bannerrak


jarraitu Facebook-en


jarraitu Twitter-en




En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.