Europan ia ezezagunak diren Afrikako maskara bereziak izango dira Topic zentroko erakusketaren protagonista

Topic zentroak aldi baterako erakusketa antolatu du, gelede eta efe antzezpenetako maskarak ardatz hartuta, oraingoan


Afrikako maskarak dira, Benin eta Nigeriakoak, eta hauxe dute bereizgarri nagusia: txotxongilo edo panpina artikulatuak dituzte gainea.

Tolosan erakusgai jarritako bilduma Ursela Voorhuis holandar bildumari pribatuaren jabetzakoa da. 43 pieza ditu, berdinik gabeak, eta Tolosara ekarri aurretik behin soilik jarri izan dituzte jendaurrean ikusgai: Dordrechteko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian, 2010ean. Nolanahi ere, oraingo hau izango da gelede eta efe maskarak elkarrekin ikusteko aukera.
Erakusketa honen bidez, txotxongiloak dituzten maskarak erakutsi nahi zaizkie bisitariei, oso ezohikoak baitira. Martxoaren 3an hasiko da erakusketa, eta ekainaren 10era arte egongo da zabalik.

Mota horietako maskarak buruan jartzen dira, buruko baten modura, eta haren gainean, txotxongilo edo panpina artikulatu batzuk dituzte, askotariko eszenak irudikatzen dituztenak: satirikoak, erlijiosoak, gutxi asko garaikideak, Mendebaldearen eraginpekoak edo eguneroko bizitzakoak. Batzuetan, maskarak gizon edo emakume baten burua besterik ez du irudikatzen, baina, oro har, giza irudien adierazpen konplexuak izaten dira: buruak, gainean zapiak, animaliak eta orotariko tresnak dituztela. Maskara pila dantzatu ohi dituzte, eta askotarikoak dira, halaber, lantzen dituzten gaiak.

Txotxongilorik gabeko maskara batzuk ere bildu dituzte, batik bat jaialdien gaueko partean erabili ohi direnak (Efe). Horrela, gainera, ospakizunaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da; gau maskarak, gainera,  oso bitxiak dira.

Estiloari begiratuta, anago joruben herrian dute pieza gehienek jatorria, Benineko hego-ekialdeko eta Nigeriako hego-mendebaldeko kostaldeko zerrenda luzean, hain zuzen. Gelede antzerkia joruba-nago komunitateak lantzen du, Benin, Nigeria eta Togon. Duela mende batetik gora, ospakizuna egiten dute Ija Nla ama nagusia eta emakumeek joruben gizarte antolaketan eta garapenean betetzen duten eginkizuna goresteko. Gelede  ospakizuna uztaren ondoren egiten da, baita garrantzizko gertaeretan ere, edo lehortea nahiz izurritea gertatuz gero. Ikuskizunean, joruberaz kantatu eta joruba-nago herriaren historia eta kontakizunak kontatzen dira, maskara zizelatuak erabiliz.

Erakusketa hau antolatzeko, ezinbestekoa izan da Damiet Van Dalsum holandar txotxongilolariaren lana; goian aipatutako holandar jaialdiaren zuzendaria izan zen, hain zuzen, eta TOPIC zentroaren lagun handia da. Damiet bera eta Elise Wagemans arduratu dira erakusketa diseinatzeaz.

Datak: martxoaren 3tik ekainaren 10era

Ordutegia eta prezioak


 












Bisita bannerrak


jarraitu Facebook-en


jarraitu Twitter-en




En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.