- inicio
- albisteak
- Topic zentroaren zuzendariek garrantzi handiko gestioak egin dituzte, Indian, Tolosako Txotxongilo Zentroarentzat
Topic zentroaren zuzendariek garrantzi handiko gestioak egin dituzte, Indian, Tolosako Txotxongilo Zentroarentzat
Asteazkena, 2012(e)ko otsaila(r)en 08-(e)an 15:26etan

Maskaren erakusketa antolatzea eta museorako balio handiko piezak eskuratzea dira lan horien helburu nagusiak
Topic, Miguel Arreche eta Idoya Otegui Indian dabiltza, otsailaren 13ra bitartean. Egonaldi horretan, gonbidatu gisa parte hartuko dute Ishara Puppet Festival jaialdiaren hamargarren ekitaldian.
Era berean, harremanak egingo dituzte txotxongiloaren arloko artista eta erakunde zenbaitekin. Bidaia horri esker, oso litekeena da Topic zentroko bisitariek Asiako herrialde hartako erakusketa batez gozatzeko aukera izatea, laster; baita museorako garrantzi handiko pieza berriez gozatzekoa ere.
Otaeguik azaldu duenez, jaialdian parte hartzeko deia jaso zuten, “jaialdi horren zuzendari Dadi Pudumjeerekin dugun harreman estuari esker. Izan ere, Europako taldeak aukeratzeko garaian, aholkulari modura laguntzen diogu jaialdi horri”. Jaialdiari loturik, bidaiak bazuen garrantzi handiko beste hitzordu bat: jaialdiaren baitan egiten diren eztabaida saioak, horietan parte hartu “Titirijairen eta Topic zentroaren aurkezpena egiteko, mundu osoko gonbidatuen aurrean”.
Bidaiaren xede nagusietakoa “Indira Ghandi Internacional Center for the Arts zentroko arduradunekin bilerak egitea” da. Izan ere, Topic zentroak asmoa du“indiar maskaren edo maskara eta txotxongiloen erakusketa bat ekartzekoa; hori izango da, seguru asko, 2013 edo 2014rako aldi baterako erakusketetako bat”. Nolanahi ere, luzeagoa da herrialde erraldoi hartara eraman duten agendako eginbeharren zerrenda, zenbait pieza bikain eskuratzeko gestioak egin nahi baitituzte, besteak beste. “Indian tradizio luzea duten txotxongiloak dira, baina lortzen oso zailak. Dadi Pudumjeen laguntzarekin, baina, pieza batzuk aurkitu dira, eta haiek ikustera goaz; seguru asko, gure museora ekarri ahal izango ditugu”, azaldu du Miguel Arrechek.
Topic zentroko arduradunak aurrez ere ibili izan dira Indian, interes berezia baitute herrialde horrekiko. “Bai, behin baino gehiagotan izan gara han; lehen aldiz, gure jaialdian ‘Indiako txotxongiloaren leihoa’ antolatu behar izan genuenean. Erakusketa hura antolatzeko laguntza eman ziguten Indiako zenbait erakundeak, hala nola Sanget Natak Academy eta Indira Ghandi International Center for the Arts erakundeek”. Lankidetza horren emaitza gisa, “Indiako gobernuak Tolosako Hodeiertz abesbatzari gonbidapena egin zion Indiako hiru hiritan kontzertu sorta bat egiteko, eta gu ere gonbidatu gintuen”, gogoratu dute Oteguik eta Arrechek.
Aurrerago, 2008an, Delhira eraman zuten ‘Iberiar txotxongiloaren leihoa’ erakusketa, Seacex Atzerriko Kultura Ekintzarako Estatuko Elkartearen eskutik. Harreman haien ondotik, Espainiako hiru indiar enbaxadorek Tolosara bisita egin zuten. “Harreman bizia eta emankorra izan da, eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko duen itxaropena dugu, Indiak oso tradizio aberatsa baitu txotxongiloetan”, Idoya Oteguik nabarmendu duenez.
Gainera, atzerrira bidaiak egitea funtsezkoa da Topic zentroaren zuzendarien aburuz; izan ere, “nazioarteko espiritua duen erakunde batentzat –eta halakoxea da gurea–, bidaiak aukera bikaina dira mundu osoaren aurrean agertzeko, baita ikuspegi artistikotik gertatzen den guztiaren berri jasotzeko ere. Berebiziko garrantzia dute zentroaren bilakaeran eta bizitzan”.
Topic zentroak harreman iraunkorra du nazioarteko eragileek, Miguel Arrechek adierazi duenez. “Unima Txotxongiloaren Nazioarteko Batasunaren hurrengo biltzarra maiatzean egingo da, Txinan, eta Unimaren 2016ko biltzarraren egoitza Donostia-Tolosa izan dadin proposatuko dugu han. Beraz, bidaia honetan ideia ‘salduko’ dugu, gure proposamenaren aldeko botoa eman dezaten indiar kontseilariek Txinan”, iragarri du Arrechek.
