Engruna Teatre taldeak ‘La muñeca pelona’ lana aurkeztuko du larunbata honetan Topic zentroan


Talde katalana tolerantzia ezaz mintzo da hiru eta zortzi urte bitarteko haurrentzako ikuskizun honetan

Engruna Teatre taldeak ‘La muñeca pelona’ lana aurkeztuko du larunbat honetan, Topic zentroan. Hiru eta zortzi urte bitarteko haurrentzat bereziki sortutako muntaia da, baina familia osoarentzat izango da gustagarria. Kataluniako taldeko kideek azaldu dutenez, obran “bat eginik agertzen dira elkarren oso bestelako hizkuntza artistikoak, hala nola, txotxongiloena, musika eta antzerkia; eta funtsezko balioak lantzen ditu, adibidez, tolerantzia eta gizabanakoen artean desberdintasuna onartzen ikastea”.

Obrako pertsonaia protagonista trastez beteriko orga batean bizi da. Panpina horrek besteak ez bezalakoa ikusten du bere burua, ez duelako ilerik; hala, bere buru soilerako adats bila abiatuko da, bidaia luze batean. Bidaia horretan, askotariko pertsonaiak ezagutuko ditu: Gigante, Caracol Col Col, Luna Lunera, Sol Solecito, Pulgarcito… “Denen artean, erakutsiko diote garrantzizkoena nork bere burua den bezala onartzea dela”, azaldu dute taldearen sortzaile eta emanaldi honen interprete Ruth García eta Mireia Fernándezek.
Espazio eszenikoan, egurrezko orga zahar bat, tramankuluz betea. “Kontakizunak aurrera egin ahala, organ ezkutatutako txotxongiloak eta gauzak agertzen joango dira, gure protagonistak igarotzen dituen tokiak eraikitzearekin batera”. Ikuskizunaren proposamen eszenikoa “oso berritzailea da, eta irudimen handikoa, objektuen birziklatzea eta manipulazioa barne; irudi eta hots inpaktu nabarmenek ezaugarrituriko mundu batera eramaten ditu ikusleak, irudien eta musikaren edertasunaren bidez”.

Engruna Teatre 2006. urtean sortu zen, Ruth eta Mireia antzezleen irrika bati erantzunez: hizkuntza eszeniko propioa sortzea. “Zentzumenen mundua, mundu bisuala bilatzen dugu, ipuin tradizionalean nahiz asmatuan oinarrituta, ikusleak erakartzeko antzerki didaktiko eta, zergatik ez, poetiko baten bidez, txinatar itzalak, proiekzioak, objektuen antzerkia, txotxongiloak eta musika baliatuz”.

Sortzaileen xedea da, halaber, “mundu magiko bat sortzea, familia osoaren irudimena kitzikatzeko, hasi etxeko txikienetik eta kiderik adintsuenera. Izan ere, ezin dugu ahaztu, ezta nahi ere, gaztetan antzerkiarekin maitemintzen denak bizi osoan maite izango duela”.


Tokia: Topic
Eguna eta ordua: Otsailak 4, 18:30etan.
Prezioak: Haurrak: 4 euro. Helduak: 7 euro.
Familia ugariak: Haurrak: 3 euro. Helduak: 5 euro.
Txartel salmenta: Topic zentroko txarteldegian. Eta www.topictolosa.com webgunean.
Oharra: Familia ugarientzako sarrerak Topic zentroko txarteldegian soilik eskura daitezke


 



jarraitu Facebook-en