Topic Museoak 14.000 bisitaritik gora izan ditu 2011n
Asteazkena, 2012(e)ko urtarrila(r)en 25-(e)an 11:13etan

Topic “2012ko Europako Museoa” sariketarako hautagai izendatu dute
2011. urtean, 14.000 bisitaritik gora izan dira Topic Museoan eta, beraz, aldi baterako hiru erakusketetan; bisitari horietatik %52, helduak; %31,6, haurrak eta %16,4 jubilatuak. Horiekin batera, gonbidatuak, irakasle laguntzaileak, kazetariak, ICOMeko kideak, etab. erakarri ditu museoak.
2011ko aldi baterako erakusketek berebiziko arrakasta izan dute, ikusleen kopuruari dagokionez. “Colorín” pertsonaiari eskainitakoa (irudi honetan, Blanca Urgell Kulturako sailburua, erakusketa inauguratzen) berezia izan da, TOPIC zentroak orain artean antolatutakoez bestelakoa; izan ere, pieza edo txotxongiloek une historiko eta eremu geografiko jakin baten lekuko gisa duten balioa nabarmendu nahi izan zuten antolatzaileek ekimen horrekin.
2011n, azpimarratzekoak izan dira, halaber, Leridako ANIMAC jaialdiarekin eta Artelekurekin lankidetzan antolatutako lantegiak. Stop Motion animazioko bi lantegi egin ziren, Koka Riobook gidatuak, eta beste bat haurrentzat prestatua, bi ordukoa. Haurrentzako lantegi hori bi aldiz egin behar izan zen, gainera, oso harrera ona izan baitzuen.
Bestalde, hedabideetan presentzia nabarmena izan du Topic zentroak, hainbat ekimeni esker. Hain zuzen ere, oihartzun handia eman diote Guangzouko Arte Eszenikoen Jaialdian parte hartu izanak (Txina), antolatzaileek berek gonbidatuta, edo EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan ikastaro bat egin izanak; baita UNIMAren Udako Eskola lehen aldiz Topic zentroan gauzatu izanak ere. 2011n, bozgorailu aipagarria izan du Zinemaldia, halaber. Izan ere, Zinemaldiko film bat proiektatu zen zentroan, eta txinatar itzalei buruzko erakusketa bat egin zen, Zinemaldiak antolatutako “Txinatar itzal digitalak” zikloarekin bat etorrita.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Garatu planek, bestalde, protagonismo eta arrakasta handia izan dute 2011ko ibilbidean. Jende askok parte hartu du horietan, eta denetan osatu da itxaron zerrenda; gainera, aipatu beharra dago goitik behera bete dituztela parte hartzaileen igurikapenak.
Eskola kanpainari dagokionez, Gipuzkoako eta Arabako 21 ikastetxetako neska-mutilak bildu ditu. Bisitaren aurretik, lanketa berezia egiten dute haurrek ikasgelan, eta bisitaren egunean, txotxongilo antzerki bat ikusi, artistekin hitz egin, Museoa ikusi eta lantegian txotxongilo bat eraikitzeko aukera ematen zaie. Pixkanaka, indar handia hartzen ari da eskola kanpaina, eta bide horretatik jarraituko du, itxura denez, 2012rako erreserba asko baitaude dagoeneko.
Iazko urtea gogoangarria izan zen sariei begiratzen badiegu ere. Aipamen berezia egin zioten Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sariaren sariketan. Miguel Arrechek Rosete Aranda saria jaso zuen, uztailean, Tlaxcalako gobernadorearen eskutik (Mexiko), txotxongiloaren arloari egindako ekarpenarengatik. Eta, urte amaieran jakin genuenez, Topic Museoa “2012ko Europako Museoa” sariketarako hautagai izendatu dute; maiatzera arte itxaron beharko dugu, nolanahi ere, orduan iragarriko baitute irabazlea zein den, Portugalen.
