Bost egun, txotxongilo lanak barrutik nolakoak diren ikasteko
Asteazkena, 2011(e)ko abendua(r)en 14-(e)an 17:15etan
Abenduaren 26tik 30era, zortzi urtetik aurrerako haurrek ‘Txotxongilolari paregabea izango naiz’ ikastaroa izango dute Topic zentroanEtxeko txikiak ohituta daude txotxongilo lanak ikusten, baina gutxitan izaten dute obra horiek sortzeko prozesuaren isilpekoak barnetik ezagutzeko aukera. Baina Topic zentroak Gabonetarako antolatutako ekitaldien barruan izango dute horretarako aukera, abenduaren 26tik 30era egingo den ‘Txotxongilolari paregabea izango naiz’ ikastaroari esker. Proposamen berrizalea da, benetan, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan orain arte sekula landu gabea.
Ikastaroan, txotxongilo lan bat prestatzeko eta eskaintzeko urrats guztiak landuko dira. Hala, haurrek denetarik ikasi eta egingo dute: txotxongiloa bera eraiki, hari bizia eman, kontakizuna gidoi bihurtu, eta istorioa oholtzara eraman, besteak beste. Azken egunean haurrek sortutako obraren emanaldia egingo da, ongi bereiz dezaten zer den prestakuntza, eta zer eszenaratzea.
Bi begirale arituko dira lau talderekin; talde bakoitzean lau haur elkartuko dituzte, gehienez ere. Adinaren arabera egituratuko dira taldeak, eta elkarrekin lantzeko edukiak nahiz taldeka bereiz lantzeko alderdiak izango dituzte.
Topic zentroko Pedagogia Sailaren arduradun Karmele Cruzek honela azaldu du ekintza berri honen xedea: “Gure helburua da haurrek txotxongilo lan bat eratzeko esperientzia guztiak ezagutzea, prozesu osoa bizitzea”. Baita “zer aukera dauden ikastea ere, eta ikusle gisa ikusten dituzten baina inork azaldu ez dizkien alderdi horiek duten garrantziaz ohartzea. Adibidez, energiarik gabeko txotxongiloak arrakasta nekez izango duela; eszena guztiak behar bezala kokatuta egon ezean ez dela istorioa ulertuko; edo, panpinak zoragarriak izanik ere, gaizki idatzi edo egokitutako gidoiak huts egingo duela”.
Euskaraz ere egingo da ekintza hau, eta saioak abenduaren 26tik 30era izango dira, 10:00etatik 13:00etara. Zortzi urtetik aurrerako haurrentzat da aproposa, eta hemezortzi kidek parte hartu ahal izango dute, gehienez ere. Parte hartzaileek 25 euro ordaindu beharko dute. Izena emateko epea zabalik da, dagoeneko: Topic zentroan, Euskal Herria plazan, nahiz 943650414 telefono zenbakira deituta egin daiteke.
