Txotxongiloak, dantza eta antzerkia, maitagarri ipuin batean bilduta
Asteazkena, 2011(e)ko abendua(r)en 14-(e)an 11:08etan
Calamar Teatro taldeak ‘La cama voladora’ aurkeztuko du, larunbatean, Topic zentroanCalamar Teatro taldeak ‘La cama voladora’ obraren emanaldiak egingo ditu, ostiralean, eskola kanpainaren barruan, eta larunbatean, publiko orokorrarentzat. Maitagarrien munduan murgiltzen den ekoizpen horretan, dantza, antzerkia eta txotxongiloa dira osagai artistikoak, eta Islandiako kontakizun tradizional batean oinarrituriko istorioa dakarte oholtzara.
Ikuskizuna hiru edo lau urteko haurrentzat da bereziki aproposa, eta familientzat ere bai. Obrarako berariaz idatzitako musika du, Germán Díazek sortua. Eta Iparraldeko ipuin tradizionalen osagai guzti-guztiak ere biltzen ditu, maitagarri ipuin deritzenenak. Obraren zuzendari Natalia Wirtonen hitzetan, “ipuin tradizionala, gozoa eta poetikoa” da.
Txotxongiloak erabiltzeko teknikei dagokienez, honako hauek ikus daitezke obran: bunrakua, txinatar itzalak eta beste txotxongilo batzuk, antzezleak atzetik erabiltzen dituen panpinak. “Antzezlea panpinan bikoiztuta bezala ageri da”, Nataliak dioenez.‘La cama voladora’ basoan galdutako printze baten istorioa da. Trol gaizto bat, beltxarga miragarria, bizitzaren arrautza, hitz magikoak eta ohe hegalaria dira ikuskizuneko beste osagai nabarmen batzuk.
Maitagarri ipuinak erakargarriak iruditzen zaizkie Calamar Teatroko kideei, “beren baitan gordetzen duten mezuagatik –haurren heziketarako mezu positiboa–, eta beren metafora interesgarriengatik”; halaxe azaldu du muntaiaren zuzendariak. Era berean, ‘Aliceren abenturak mundu miragarrian’ obraren egile Lewis Carrollen hitzak gogorarazi ditu: “Hark esan zuen maitagarri ipuinetan, hauxe dela interesgarriena: haurrei bizitzaren zentzua irakasten dietela, azken batean, hazten irakasten die, bizitza bizitzeko eta bizitzan hazteko irrikaz, nork bere burua hobetzeko, gero eta hobea izateko irrikaz. ‘La cama voladora’ lanaren hasieran, basoan galdutako haur bat aurkituko dugu, eta hortik abiatuta, bizitzan barrenako ibilaldia biziko dugu”.
Calamar Teatro taldea Valladolidekoa da, eta Madrilgo eta Kataluniako artistekin ere lan egiten du. Haurrentzako dantza, txotxongilo eta testu ikuskizunak lantzen dituzte. “Gure ukitu berezia ezartzen saiatzen gara: obra poetikoak egiten, estetika eta lan musikal oso zaindukoak”, adierazi du Natalia Wirtonek.
Tokia: Topic
Eguna eta ordua: Abenduak 17, larunbata, 18:30ean.
Prezioak: Haurrak: 4 euro. Helduak: 7 euro.
Familia ugariak: Haurrak: 3 euro. Helduak: 5 euro.
Txartel salmenta: Topic zentroko txarteldegian. Eta www.topictolosa.com webgunean.
Oharra: Familia ugarientzako sarrerak Topic zentroko txarteldegian soilik eskura daitezke.
