Tolosako XXIX. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak ikusleen babes zabala izan du

Titirijai jaialdia igandean amaitu zen, zortzi egunez hainbat emanaldi, hogeita bi talderen partaidetza eta hamaika mila ikusletik gora bilduta.

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia abenduaren 4an amaitu zen, igandean. Zortzi eguneko egitarau oparoa eskaini du, aurtengoan, eta arreta berezia eman zaie Suitzako txotxongiloei. Hogeita bederatzigarren ekitaldian, hogeita bi taldek parte hartu dute, gehienak Europako beste herrialde batzuetatik etorriak. Era berean, ordezkaritza zabala izan dute Espainiako beste autonomia erkidego batzuetako taldeek.

Miguel Arrechek –jaialdiaren zuzendaria, Idoya Oteguirekin batera– honako izenburu hau jarriko omen lioke aurtengoari: “Positiboan”. Arrechek azaldu duenez, “Tolosan soilik 11.000 ikusletik gora izan ditugu”, oraindik datu batzuk biltzeke badaude ere, batez ere Titirijairen zirkuituan hainbat emanaldi antzezteko hautatutako Gipuzkoako beste zazpi herrietakoak eta Bizkaikoak.

Iaz baino ikusle gutxiago dira, krisi ekonomikoaren eraginez egitarauan emanaldi gutxiago sartu direlako aurten. Nolanahi ere, asistentziaren datuak ikusita, begi bistakoa da publikoak zer-nolako harreman bikaina duen jaialdi honekin: “Aretoak %65ean bete dira, gutxienez, eta hamar saio baino gehiagotan saldu dira txartel guztiak”.

Saria Jonás espermatozoidearentzat

Suitzako txotxongiloei eskainitako erakusketari dagokionez, “sei bat mila bisitari izan ditu, erantzun bikaina, beraz”. Ikastetxeentzako saioek -Titirijairen egitarauan horiek dira ugariena– “gorena iritsi dute, eta batzuetan arazoak izan ditugu haur guztiak hartzeko ere”.
Atal artistikoari dagokionez, “maila ona izan da, oro har”. Salbuespen bat izan da, zuzendariari atsekabea sortu diona eta aipatu ere egin nahi ez duena; baina, gainerakoan, obra bikainak izan dituztela nabarmendu du Arrechek, adibidez, “Les Helices taldeak egindako ‘Antigona’ obraren bertsioa: ezin hobeto diseinatu eta interpretatutako muntaia”. Asko gustatu zaio, halaber, “Oskar taldeak –suitzarra– ‘Viajeros al tren’ lanarekin egindako ikuskizun bikaina”.

Haurren epaimahaiak aho batez aukeratu zuen ‘El fantástico viaje de Jonás el espermatozoide’ obra, Malagako El Espejo Negro taldearena. Hala, Titirijaiko aurtengo ekitaldiko haurrentzako obrarik onenaren saria eskuratu du. Argazkian, muntaia horren irudi bat ikus daiteke.

Latinoamerikako haizeak, 2012rako

Titirijai jaialdiarekin batera Aranburu jauregian egindako erakusketak, Suitzari buruzko erakusketak, suitzarrak berak ere harritu ditu. Neuchâteleko jaialdiko zuzendaria, esaterako, erakusketa ikustera berariaz etorri zen Tolosara, eta harri eta zur gelditu zen hemen egindako lan bikainarekin. “Erakusketa honek agerian uzten du, beste behin ere, Titirijain antolatzen diren erakusketak paregabeak direla, eta, askotan, jatorrizko herrialdean ere ez dute hain sakon ezagutzen haien edukia. Halaxe gertatu zen Indiari buruzko erakusketarekin: indiarrek beren herrialdera eta, aurrerago, beste batzuetara eraman zuten”, gogorarazi du Miguel Arrechek. Suitzako txotxongiloei buruzko erakusketa ere Tolosatik kanpora aterako da. “Suitzara eramango dute; hain zuzen ere, frantsesera eta alemanera itzuli dute Titirijaik argitaratutako katalogoa”.

Arrechek dioenez, datorren urtea berezia izango da. “Ezohiko zerbait egiteko asmoa dugu, ‘Títeres de ida y vuelta’ deritzon proiektu bat. Latinoamerikako bost talde handiri eskainitako atal bat izango dugu, eta aspaldiko urteetan Espainian ari diren Latinoamerikako artistei buruzko beste bost. Horiekin batera, Espainiako beste bost talde ere izango dira, Latinoamerikako antzerkiarekin inolako zerikusirik ez dutenak, eta beste bost talde berri ere bai, Espainiakoak horiek ere. Seguru asko, kubatar txotxongiloa izango da erakusketaren ardatza”.


 



jarraitu Facebook-en