Mimaia taldearen lan baten estreinaldia


Mimaiak abenduaren 6an estreinatuko du ‘Adiós, bienvenida’, Topic zentroan egindako sorkuntza egonaldi baten emaitza

Obraren egileek azaldu dutenez, erakutsi nahi dute ez dugula agurrekin zertan tristatu, eguneroko bizitzan denok egin behar izaten diegulako aurre era horretako egoerei. “Jaiotza bera ere agurra da", dio Dora Canterok, egoitza Bartzelonan den talde honen zuzendariak.

Dora eszenaz, zuzendaritzaz eta interpretazioaz arduratzen da; baita testuaz eta musikaz ere. Oraingoan, Nina Ledergerber suitzarra du laguntzaile; izan ere, Ledergerberrek hartu du eszenografia eraikitzeko ardura, txotxongiloena nahiz musika alderdiarena. «Kanarietako tinplea, zerra musikala eta akordeoia jotzen ditut, kantatzeaz gainera», azaldu du.

‘Adiós bienvenida’ obra urtebeteko lanaren emaitza da, eta ibilbide horretan funtsezko garrantzia izan du Topic zentroan egindako hiru hilabeteko egonaldiak. Taldekoek argi zuten Bartzelonatik kanpo ikuskizunen bat landu nahi zutela, eta, Dorak lehendik ezagutzen zituenez Titirijai eta Topic, sorkuntzako egonaldirako eskaria egitea pentsatu zuten. «Zentroko zuzendariekin hitz egin genuen, proiektua aurkeztu genien, eta onartu egin zuten; eta hementxe gaude», adierazi du Ledergerberrek.

Topic zentroan bertan estreinatuko dute obra, txotxongilo jaialdiaren amaieran, eta familientzako ikuskizuna da. Gero, Murtziako Teatro Circora eramateko asmoa dute, eta berriz parte hartuko dute Topic zentroaren programazioan, uztailean, Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Zentroan egingo den Txotxongiloaren Nazioarteko Batasunaren (Unima) Udako Eskolan.
Mimaia hitza Levante aldeko eskualde batzuetan ezkutaketa jolasean erabiltzen dute haurrek; salbatzeko esaten da.

Mimaia Teatro taldea 2008an sortu zen, "gure baitan daramatzagun haur horiek “salbatzeko” tokia, babesgunea sortzeko xedez”, Dora Canterok adierazi duenez. Taldearen lehen lana “Arbequina” izan zen, aurtengo Titirijain programatua.

Mimaia taldeak txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren ikerketan dihardu. 2010ean, Bartzelonara aldatu zuten egoitza; han, Mina Ledergerber musikari, txotxongilolari eta artista plastikoa batu zitzaion taldeari. 2010ean zehar, Bartzelonako aretoetan emanaldiak egin ditu Mimaiak, ikuskizunak areto bakoitzaren berezitasunei egokituta eta ikuslearekin hurbileko harremana sortuz, publikoarekiko komunikazio zuzenagoa bilatzen baitu.

Tokia: Topic
Eguna eta ordua: Abenduak 6, asteartea, 18:30etan.
Prezioak: Haurrak: 4 euro. Helduak: 7 euro.
Familia ugariak: Haurrak: 3 euro. Helduak: 5 euro.
Txartel salmenta: Topic zentroko txarteldegian. Eta www.topictolosa.com webgunean.
Oharra: Familia ugarientzako sarrerak Topic zentroko txarteldegian soilik eskura daitezke.



 



jarraitu Facebook-en