Espainia, Argentina eta Mexikoren arteko koprodukzio baten mundu mailako estreinaldia egingo da Topic zentroan


 ‘Pepo, ¿adónde vas?’ obra Iberescenak Tolosako zentroaren lankidetzarekin sustatutako muntaia da

Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan ‘Pepo, ¿adónde vas?’ obraren mundu mailako estreinaldia egingo da. Iberescena Iberoamerikako Arte Eszenikoei Laguntzeko Funtsak sustatuko koprodukzioa da, eta harekin lankidetzan aritu da Tolosako zentroa. Ostiralean egingo dute lehen emanaldia, Topic zentroaren eskola kanpainan parte hartzen ari diren haurrentzat. Larunbatean publiko orokorrarentzako antzezpena izango da. Aurrera begira, beste zortzi emanaldi izango dira, Titirijai jaialdiaren baita, Tolosa, Sestao, Irun, Eibar, Donostia eta Pasaian.
Buenos Aires Teatro (Argentina), La Canela (Espainia) eta Seña y Verbo (Mexiko) taldeek sei eta hamar urte bitarteko haurrentzat bereziki sorturiko ikuskizun bat landu dute, txotxongiloak eta antzezpena uztartuta. Testua Silvina Reinaudirena da, eta Alberto Lomnitz da zuzendaria. Interpretazioaren eta txotxongiloen manipulazioaren ardura Sandra Antman eta Analía Sisamónek dute.

Nazioarteko estreinaldia Tolosan egitea erabaki dute, honako arrazoi hau dela eta, Analía Simónek azaldu duenez: “Topic zentroaren zuzendariek ongi ezagutzen du koprodukzio honetan parte hartzen ari garen hiru taldeetako bateko kideen ibilbidea. Horregatik erabaki dute proiektu bat aukeratzeko garaian gugan konfiantza jartzea; zorte handia da, benetan, eta harro gaude horretaz”.

Urtebetean zehar, egin beharreko lanari buruzko iritziak trukatu zituzten hiru taldeek, Internek eskaintzen dituen aukerak baliatuta. Gero, Buenos Airesera joan ziren, produktore nagusia argentinar taldea delako. Han, hiru hilabete egin dituzte, produkzio aurreko lanetan, eta irailean entseguei ekin zieten; egunean zortzi orduz lanean aritu dira. Orain, Espainian, proba gisako saio bat egin dute Alcalá la Realen, eta beste bat Fuenlabradan, Tolosako estreinaldira ahalik eta hobekien prestatuta etortzeko xedez.

Dibertsitatea, umore ukitu batez

‘Pepo, ¿adónde vas?’ “ez da obra zaila, bereziki burutsua”, Analíak dioenez. Badu oinarri ideologiko eta intelektual bat, “baina umore handiz landuta dago, txotxongiloen hizkuntzaren bidez”. Eta hori nabarmendu nahi izan du antzezle eta ekoizleak, “txotxongiloek edozer gauza egiteko baimena dutelako, antzezle batek izan dezakeen baino askatasun handiagoz”. Emanaldia prestatzeko, arreta berezia eman diote “hizkuntza dibertigarri eta ia barregarriari. Ez dugu nabarmentzen pertsonaiak halako edo bestelako herrialdetakoak diren: bi emakume dira, marraduna bata, eta motaduna bestea. Eduki abstraktua da, baina haurrek ikusmenaren bidez aise identifikatzeko modukoa. Bidaia bat da, umorez marraztua, txotxongiloek eman ditzaketen erantzun absurdoen laguntzaz, eta baita diskriminazio onartezinari eta onartzen diren diferentzien edertasunari buruz iritzia emateko itxaropenez ere”.

Bi pertsonaia femeninoek bidegurutze batean egingo dute topo. “Ez doaz norabide berean, ez dute elkar onartzen, ohitura desberdinak dituzten tokietatik datozelako, eta ez diote batek besteari aurrera egiten”. Baina Pepo agertuko da halako batean: “Berari bost axola zaizkio marrak eta motak. Zubiak eraikitzea mugak marraztea baino askoz ere interesgarriagoa erakustea da bere eginkizuna”.  

55 minutuan zehar, bi antzezle arituko dira, eta eszena asko daude mahai txotxongiloenak, baita eskularru txotxongiloenak ere. “Dena, txotxongiloaren eta clownaren ikuspegitik hartuta”, azaldu du Analía Sisamónek, Titirijai nahiz Topic ezin hobeto ezagutzen dituenak. “Hezkuntza eta Unibertsitatea jardunaldietan parte hartu nuen uztailean, nire beste ikuskizun batzuekin. Topic espazio ezin ederragoa da, eta kalitate gorenekoa profesionalentzat, oso gustu onez muntatua. Harritu egin ninduen museoaren funtsak: sinestezina da, Miguel Arrechek eta Idoya Oteguik Txotxongilo Jaialdiaren eta, orain, Topic zentroaren buruzagitzan urte askoan egindako lan saiatuaren emaitza”.


 



jarraitu Facebook-en