Frantziako Arketal taldea izango da Topic zentroko aldi baterako hurrengo erakusketaren protagonista


150 pieza bilduko dituzte urriaren 8an ateak ireki eta otsailaren 12an itxiko dituen erakusketarako.

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak aldi baterako erakusketa antolatu du; 2009ko azaroan ateak ireki zituenetik zazpigarrena. Cannesko Arketal talde-tailerrari (Frantzia) eskainitako ekitaldia izango da, kalitate artistiko goreneko 150 piezak osatuta.

Arketal taldeak Greta Bruggeman eta Sylvie Osman ditu zuzendari, eta haren ezaugarrien artean, bereziki aipatzekoa da piezen edertasuna eta horiek eraikitzeko erabilitako materialen plastizitatea eta malgutasuna. Balio artistiko eta tekniko handiko erakusketa denez, hauxe aukeratu dute Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 29. ekitaldiarekin batera gauzatzeko. Jaialdia 2011ko azaroaren 26tik abenduaren 4ra izango da, eta, hain zuzen ere, Titirijairen barruan egingo dute erakusketaren inaugurazioa, nahiz eta urriaren 8tik aurrera egongo den ikusgai.
Gretta  Bruggeman Arketalen arduradunak dioenez, erakusketa hau ikustera joaten diren bisitarientzat interesgarria izan daiteke bere taldeak lan egiteko duen era berezia ezagutzea. “Talde irekia gara, eta gure helburua da beste artista plastikoekin batera lan egitea, gure ikuskizunetako txotxongiloak nahiz eszenografiak sor ditzaten”. Marius Rech margolaria da taldearekin lankidetzan diharduen artistetako bat, eta Tolosan izan da, erakusketa muntatzen laguntzen. Haren iritzian, “txotxongilolariaren lana aberastu egiten da artista plastikoaren ekarpenarekin, baina baita alderantziz ere, asko ikasten baitugu txotxongiloen plastizitatetik eta mugimendutik”.

Gune berdingabe eta koherente bat

Bruggemanek ezagutzen zuen Topic lehendik, baita Titirijai ere; baina bai bera bai bere lankideak harrituta gelditu dira Topic zentroarekin, “Europan ez baitago era honetako beste gunerik”; hala, “harro eta zoriontsu” daudela adierazi dute, beren txotxongiloak hemen erakusgai jartzeaz. Arketalen arduradunak “antzerkiaren, arte plastikoen eta museologiaren arteko koherentzia” nabarmendu du: “Instalazio, helburu eta jarduera koherenteekiko kultur zentro bat da. Txotxongilolari naizen aldetik, hemen bizitzea atsegin nuke”, dio.

Topic zentroko museologiaren arduradun María San Sebastiánek aditzera eman duenez, talde horretan “arreta handia jartzen dute zer proiektu sortu eta zer proiektutan parte hartu erabakitzeko garaian. Denak dira kalitate artistiko bikainekoak eta oso sentiberak, proiektuaren oinarritik eta jendaurrean agertzera bitarteko ibilbide osoan. Ildo horretatik, ikuskizunak sortu ez ezik, txotxongiloak egiteko tailer asko antolatzen dituzte, tailerra baita taldeaz gainera”.

Arketal 1984an sortu zuten Greta Bruggeman eta Sylvie Osmanek; biek ere Charleville-Mézièresko Institut International de la Marionnetten egin zituzten ikasketak. Taldeak Cannesen du egoitza, 1990az geroztik. Bere ibilbidean, heldu, haur eta orotariko ikusleentzako 24 sormen lan egin ditu. Lankideei dagokienez, txotxongilolari, antzezle, idazle, eszenografo, margolari eta eskultoreekin aritu da. “Gure lan bakoitza bidaia bat da, bidaide ditugun lankideekiko elkarrizketa. Nortasuna, oroimena, erbestea, familia, gizatasuna bera dira gure ohiko gaiak”.

Tokia: Topic. Euskal Herria plaza, 1. Tolosa
Data: Otsailaren 12ra arte.


Ordutegia eta prezioak



 












Bisita bannerrak


jarraitu Facebook-en


jarraitu Twitter-en




En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.