Topic zentroa, Guangzhouko Arte Eszenikoen Azokako partaide
Ostirala, 2011(e)ko urria(r)en 07-(e)an 11:38etan
Gonbidatu berezi gisa parte hartzen ari da urriaren 6tik 9ra Guangzhoun (Txinan) egiten ari den Excellent Stage Performance Fair ekimeneanTxotxongiloen Nazioarteko Zentroak Etxepare Euskal Institutuaren babesa jaso du; izan ere, erakunde horrek ere bat egin du azokarekin, euskal kulturari bidea irekitzeko, Txinako merkatua ikertzeko eta aurrera begira lankidetza iturri izan daitezkeen harremanak abian jartzeko.
Excellent Stage Performance Fair ekimena arte eszenikoen azoka bat da, lehen aldiz Txinako hegoaldean antolatua, eta 1.000 stand baino gehiago ditu, TOPIC zentroarena horien artean.
Guangzhou, Kanton izenez ezaguna, Guandong probintziako hiriburua da; eta 100 milioi biztanletik gora ditu. Txinako hirugarren hiri handiena da, eta Txina hegoaldeko hiriburua, politikari, ekonomiari, zientziari, hezkuntzari eta kulturari dagokienez.
Topic zentroak aspalditik du harremana Txinarekin, Tolosako Txotxongilo Jaialdiaren eta TOPIC beraren bidez; hain zuzen ere, iaz zentroan bisitan izan ziren Txinako azokaren antolatzaileak, eta bi alderdien arteko harremana estutzeko nahia adierazi zuten. Era berean, beren burua eskaini zuten Txinaren eta Espainiaren arteko zubi lana egiteko, antzerkiaren arloan, txotxongiloen arloan batik bat, Txinan eragin handiko antzerki moldea izanik.
TOPIC zentroari ere garrantzizkoa iruditu zitzaion, bere garaian, azoka horretan txotxongiloarekin loturiko Espainiako estatu osoko jaialdiek eta erakundeek parte hartzea, baita UNIMAk ere (autonomia erkidegoetako 16 UNIMA elkartek osatua, 200 taldetik gora biltzen dituena, horietako 45 Euskadikoak). Eta horrek guztiak isla izan du standeko edukietan. Lau pantaila ezarri dituzte, ospe handiko jaialdietako irudiak proiektatzeko: Teatralia, Fetén, Segovia, Sevilla, dFeria Donostiako azoka, Sestao, Bergara, Titirijai. Eta tartea egin diete, halaber, Titiriteros de Binéfar, Taun Taun, Deabru Beltzak, El Retablo eta Búho taldeei, besteak beste.
Gainera, liburuxka bat banatu dute taldeei eta jaialdiei buruzko informazioarekin, eta txotxongiloen esparruarekin loturiko beste erakunde batzuei buruzkoarekin, azokako bisitarientzat eta balizko erosleentzat interesekoa izango delakoan.
