Topic zentroa eta Donostiako Zinemaldia, elkarlanean


Zinemaldiko film baten emanaldia antolatuko du zentroak, eta txinatar itzal tradizionalen erakusketa inauguratuko da.

Topic zentroak beste kultura eta arte espazio batzuekiko erlazioaren aldeko apustuari eusten dio. Oraingoan, Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan arituko da. Zinemaldia irailaren 16tik 24a izango da, hiriburuan, eta, Zinemaldiaren eta Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren arteko erlazioari esker, film bat ikusteko aukera izango da Topic zentroan, baita txinatar itzal tradizionalen bilduma zabal bat ere.

Irailaren 20an, asteartean, ‘Placeres desconocidos’ filma (argazkian) eta ‘In public’ film laburra proiektatuko dituzte Topic zentroko antzokian, ‘Sombras digitales: cine chino de última generación’ zikloaren baitan, biak ere. Sarrera dohainik izango da, aretoa bete arte.


Era berean, Zinemaldiak irauten duen bitartean, itxuraldatuta agertuko zaigu Topic museoko gunerik erakargarrienetakoa, itzalen korridorea. Izan ere, txinatar itzalek beteko dute gune hori, zinema jaialdiko zikloarekin bat eginik. Hala, Topic zentroaren funtsetako txinatar itzalen aukera bikaina ikusteko aukera izango dute bisitariek; erakusketarako berariaz hautatutako lanak dira, Asiako herrialde hartatik kanpo nekez ikusi ohi direnetakoak.

‘Placeres desconocidos – Unknown pleasures’, Jia Zhangke (2002).
Irailak 20, asteartea
Ordua: 21.45
Sarrera, dohainik.

Itzalen korridorea.
Museoko bisitaldiaren barruan.

Ordutegiak eta prezioak


Unknown Pleasures (Ren xiao yao)
2002. 113 min.

Hizkuntzak: jin txinera eta putonghua.  
Zuzendaria eta gidoilaria: Jia Zhangke. Ekoizpena: Shozo Ichiyama, Li Kit Ming. Argazkia: Yu Lik-wai. Soinuaren diseinua: Zhang Yang. Muntaketa: Chow Keung. Antzezleak: Zhao Tao, Zhao Weiwei, Wu Qiong, Li Zhubin, Wang Hongwei.

In Public filmaren ondoren, Jia Zhangke bitarteko digitalen defendatzaile sutsu bihurtu zen, Txinako zinema independenterako tresna askatzailetzat hartzen baitzituen. Datongeko hondamenezko paisaia postindustrialak liluratuta zeukan, eta laster, bertako biztanleen bizitza estugarriei buruzko gidoi bat idazten hasi zen, batez ere belaunaldi gazteenei buruzkoa. Bideo-kamerak ekoizpen malgu eta txikiak egiteko aukera ematen duenez (pelikula errodatzeko 19 egun bakarrik behar izan zituzten), hiztegi filmikoa zabaltzeaz gain, atze oihalaren (dokumentala) eta lehenengo planoaren (fikzioa) arteko tentsioa harrapatu ahal izan zuen, kamera eskuetan hartuta egindako hartualdi luze-luzeen bitartez –zeluloidean ezinezkoa izango zen hori egitea–. Horrela, gazte kontentagaitz talde batek ingurunearekin haserre egoteko dituen askotariko moduak islatu zituen. Bin Bin (Zhao Weiwei) eta bere lagunik onena, Xiao Ji (Wu Qiong), bizikletaz ibiliko dira, norabide zehatzik gabe, eta neskekin arazoak izango dituzte. Hala, Qiao Qiao (Zhao Tao) ezagutuko dute, prostituziotik oso gertu dagoen eta muturbeltza dirudien modelo/abeslaria. Pelikularen txinerazko izenburua, Ren xiao yao, maitasunezko kantu batetik hartuta dago. Bukaeran, gauza guztiek itxura txarra hartzen dutenean, Bin Binek bortxaz abestu beharko du abesti hori: «Min handia izan arren, har asko izan arren... nire maitasuna ulertuko duen norbait dagoen bitartean...». Mutilaren erromantizismoa bera ere herri kulturako erretorikaren fruitua da...  



In Public (Gong gong chang suo)
2001. 30 min.
Hizkuntzak: jin txinera eta putonghua.
Zuzendaritza, gidoia eta muntaketa: Jia Zhangke. Ekoizpena: Cha Seoung-Jae. Argazkia: Yu Lik-wai, Jia Zhangke.  
Marsellako FID jaialdiko sari nagusia lortu zuen.  

In Public tren geltoki batean hasten da, eta Jia Zhangkeren Xiao Wu (1997) opera prima gogoangarria distantziarekin gogorarazten du. Film labur dokumental hau –Unknown Pleasures egiteko inspirazio iturri izan zen– Jeonjuko Nazioarteko Zinema Jaialdiak ekoitzi du eta 45 egunean errodatutako 30 sekuentzia-planoz osatuta dago. Pelikulan, Datong meatze-herri txikian (Shanxi probintzia) eta inguruan nora ezean dabiltzan oinezko anonimoak, bidaiariak eta trenbideetako zein autobus konpainiako langileak agertzen dira.      


Donostia Zinemaldia

Itzal digitalak: azken belaunaldiko zinema txinatarra





 



Bisita bannerrak


jarraitu Facebook-en