Miguel Arrechek Rosete Aranda saria jaso du, Mexikon


Tolosako Txotxongilo Jaialdiaren eta Topic zentroaren zuzendariak atzo jaso zuen saria, Huamantla hirian.

Uztailaren 27an egin zen sari banaketa, Tlaxcala estatuko XXVI Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren barruan. Txotxongilo jaialdi hori da Erdialdeko Amerikako eta Latinoamerikako garrantzizkoena. Urtero (aurten, uztailaren 10etik 31ra bitartean egingo dute jaialdia), pertsonaia ospetsuren bat saritzen dute, txotxongilo antzerkiaren sustapenean eta hedapenean egindako lanaren omenez. Eta Amerikatik kanpoko norbaiti eman diote aurten lehen aldiz.

Sariaren izena Compañía de Autómatas Hermanos Rosete Aranda taldearen omenez aukeratu zuten; enpresa hark ospe handia izan zuen, eta ia ehun urtez eutsi zion. Nolabait esateko, txotxongiloen molde estetiko, plastiko, modelatu eta diseinuzkoaren aitzindaritzat har daiteke, eta ondare horixe utzi zion txotxongiloen antzerkiari.

Miguel Arrechek Tlaxcalako gobernadorearen eskutik jaso zuen saria, eta banaketa ekitaldian esan zuenez, “bene-benetan estimatzen” du. Era berean, zera gogorarazi zuen: “1997an Txotxongilo Museo Nazionala (Munati) ezagutu nuenetik, maitasunezko harremana izan dut jaialdiarekin eta museoarekin, eta niretzat ohore handia den sari honekin gorenera iritsi da harreman hori”. Arrecheren aburuz, Huamantla hiria “mundu osoko erreferentea da txotxongiloen esparruan. Munati da Latinoamerikako era horretako museo bakarra; eta jaialdia, munduko alderdi horretako txotxongilo sariketa nagusia. Latinoamerikako txotxongiloei buruz aritzeko, ezinbestean aipatu beharra dago Huamantla”.

Arrechek Tolosako kideekin partekatu nahi izan zuen saria, batez ere etxekoekin eta Idoya Oteguirekin, berarekin batera Titirajairen eta Topic zentroko zuzendari denarekin. Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa inauguratu zutenetik bi urte ere igaro gabe direla, zera nabarmendu zuen Arrechek bere hitzaldian: “Mundu honetako gauza garrantzizko guztiak txiki jaio ziren, baina lortu dute –ez nekerik gabe– handitasunerako bidea egitea, saiamenez, erabakimenez, irrikaz eta ahaleginaren ahaleginez lan egin duten eta egiten duten giza taldeei esker”.


 



jarraitu Facebook-en