Uztailean, lau txotxongilo emanaldi egingo dira kalean
Asteazkena, 2011(e)ko uztaila(r)en 06-(e)an 11:15etan
Galiot eta Taller de marionetas de Pepe Otal taldeek –biak Batzelonakoak– eta Bihar eta Antzezkizuna euskaldunek egingo dituzte antzezpenak, Topic zentroaren atarian. Emanaldiak dohainik izango dira.Galiot taldeak emango dio hasiera ziklo honi, ‘Txotxongiloen parkea’ izenburuko muntaiarekin. Hain zuzen ere, uztailaren 8an (ostirala) eta 9an (larunbata) ikuskizun ludiko bat antolatuko dute, txotxongilo antzerkiari buruzkoa. 'Los Títeres' instalazio handi bat da, antzoki txikiek eta txotxongiloak erabiltzeko zenbait teknikek osatua; bereziki haurrentzat pentsatua da, baina adin orotako ikusleentzat da gozagarria.
Karolino da ‘Karolino, printzesa eta dragoiaren burua’ ikuskizuneko protagonista. Ostiralean, uztailaren 15ean, 19:00etan, jokatuko da istorio hori, txotxongilo antzerkiko heroiaren prototipoa protagonista duena.
Zaldunak, gaztelu eder bat, errege atsekabetua, printzesa polita, bufoia eta haren arazoak eta, nola ere, heroi gezurrezko bat, Karolinoren ahalegina baliatu nahian ibiliko dena. Bufoiaren, makilaren eta ikusleen laguntzaz, ordea, eragozpen guztiei aurre egin, eta, azkenean, printzesarekin ezkonduko da protagonista.
Hurrengo astean, ordu berean, ‘Vamos que nos vamos’ jokatuko du Taller de Pepe Otalek. Haurrek zirkuaren oihartzuna aurkituko dute emanaldi horretan: munduko ikuskizunik handiena, munduko artista txikienek antzeztua. Txotxongiloak zirkuko artista bikain bihurtuta ageri baitira; agertokiko izar handiak, beren arte, alaitasun eta mugimenduen bizitasuna kale, plaza eta txoko guztietara zabaltzeko irrikaz.
‘Vamos que nos vamos’ ikuskizun irekia da, askotarikoa; kabaret bat, orotariko ikusleentzat egokia. Pertsonaiei dagokienez, hantxe aurkituko ditugu Blacki, bola bakarreko malabarista; Igor Chavalint, munduko gizonik indartsuena; eta Mohame Larvi, suge-liluratzailea, Ekialde urrun eta misteriotsutik etorria. Baita honako hauek ere: Filippo, funanbulista bihurtutako pailazoa; Señor Pere, geriatrikotik ihes egina, heriotzarekin dantza egingo duena; eta beste munduko pianista trebea, piztia exotikoen hezleak, eta abar.
‘Ipuin lapurra’ (argazkian), Antzezkizunak aurkeztua, uztailaren 29an izango da, 19:00etan. Toni La Sal izozki saltzailea du protagonista. Herriko plazan kokatu da, izozkiak saltzen hasteko prest; baina, halako batean, telefonoz deitu diote. Dirudienez, beste zerbait estaltzeko jantzi da izozki saltzailez… Herriko banketxean lapurreta egitea du benetako helburua. Asaldatuta eta izututa dago, eta lapurreta egitean, liburutegiko kutxa gotorra hartu du, banketxekoa hartu ordez. Pinocho, Otsoa, Txanogorritxu, Hiru Txerrikumeetan azkarren, Katu Botaduna eta Lanparako Jeinua txotxongiloen istorio ero batean murgilduta; auskalo nola amaituko den! Ikusleak arratoi bihurtuko ote dira, Hamelingo Txistulariaren eraginez? Toni La Salek hip-hop dantza egingo du? Argituko da kasua inoiz? Hori eta askoz gehiago aurkituko dugu ikuskizun interaktibo honetan.
