Topic, TVEren ‘Destino España’ saioan
Osteguna, 2011(e)ko ekaina(r)en 09-(e)an 16:36etan
TVE1en 'Destino España' saioan, Topic zentroari buruz jardungo dute, Euskadiri eskainitako atalean.
Espainian bizi diren atzerritarrak gidari modura agertzen dira saioan, gaur egun bizi diren herria erakutsiz; bisita gidatu horretan, turismoa eta soziologia uztartzen ditu saioak. Atal honetan, Topic zentroa agertuko den zatian –20’00. minututik 21’49. minutura–, Nejc Rudel izango da gidaria, orain dela hamar urtetik hona Tolosan bizi den esloveniar bat. Abesbatza bateko kidea zen, eta harekin batera iritsi zen Gipuzkoara, Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartzera, hain zuzen ere. Esteka honetan ikus daiteke saioa.
Saioaren atal bakoitzean autonomia erkidego bat aukeratzen dute, eta mundu osoko txokoetatik Espainiara iritsitako sei edo zazpi lagunek gaur egun bizi diren herrian paseotxoa egiten dute, kontatuz nola bizi diren, zergatik etorri diren eta nola integratu diren. Beren sorterriaren eta Espainiaren arteko desberdintasunak ere aipatzen dituzte, eta hemengo lagunak aurkezten dituzte. Gainera, bisitarako aukeratutako herriko datu historikoak, geografikoak eta antropologikoak agertzen dira saioetan, errotulatuta.
