Txotxongiloa, baliabide terapeutiko eta hezigarri eraginkorra

Topic zentroak ‘Artea eta terapia’ ikastaroa antolatu du uztailaren 3rako; eta eskolako heziketan txotxongiloek duten garrantziari buruzko beste ikastaro bat, uztailaren 4rako, EHUrekin lankidetzan

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak bi ikastaro prestatu ditu uztailerako, horietako bat Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan. Ikastaro horien bidez txotxongiloen esparruaren ohi baino ikuspegi zabalagoa eman nahi dute arduradunek, minusbaliotasunen bat duten pertsonekiko terapiari eta eskolaurretik Bigarren Hezkuntzara bitarteko haurren hezkuntza orokorrari loturik.

Lehenengo ikastaroa, ‘Artea eta terapia’, uztailaren 3an egingo da, 16.30etik 19.30era, Txotxongiloaren Nazioarteko Batasunak (Unima) eta Topic zentroak antolatzen duten Udako Eskolaren barruan. Hitzaldi bat izango da, irudiez ilustratua; Mila Iglesias eta Isabel Verdini izango dira saioaren gidariak. Ikastaroa dohainik da, baina, aretoan gehienez ere 250 lagunentzako tokia dagoenez, aldez aurretik ikastaroan parte hartzeko izena eman beharra dago. Izen-ematea telefonoz egin daiteke, 943650414 zenbakira deituta, edo fitxa betez.

Mila Iglesias dantzan eta arte plastikoetan aditua da; hogeita hamar urte daramatza garuneko paralisiak jotako haurrekin lanean, eta lan horretan hasi eta berehala ohartu zen pertsona horien bizitza hobetzeko artea zein metodo baliagarria izan daitekeen. “Harritu egin ninduen pertsona horien integrazioan eta errehabilitazioan artearen esparruak eskain ditzakeen onurak erabiltzen ez zirela ikusteak. Eta hortik sortu zen antzerki talde bat eratzeko asmoa; hori bai, taldekideek hitz egiteko zailtasunak izanik, ezohiko talde bat izango zen”. Hain zuzen ere, ‘antzerki beltza’ teknika erabiltzen hasi zen Mila Iglesias, estimulu bisualetan oinarritua delako eta irudimenarekin jolas egiteko aukera ematen duelako. “Talde osoaren diziplina zorrotza eta ahalegina oso aberasgarriak izan ziren, eta bizitasun handia ematen zioten taldekideen bizitzari”, irakasleak azaldu duenez.

Gaur egun, Igor Yebra Dantza Eskolako zuzendaria da Mila Iglesias, eta alde batera utzia du antzerkiko jarduna. Nolanahi ere, erabateko prestutasuna du bere esperientzia eta ezagutza ezagutarazteko, “beste batzuentzat baliagarria izango delakoan”. Uztailaren 4ko hitzaldian garuneko paralisiak jotako haurrekin egindako lan artistikoaren berri eta bizitako esperientziaren berri emango du. Muntaia hura prestatzeko behar izan zen talde lanak, lan artistikoak eta mugikortasunak sekulako onura terapeutikoak ekarri zizkieten esperientzia hartan parte hartu zuten haurrei. Hori dela eta, orduan erabili zuten lan metodoa azaldu eta egin zituen aurkikuntzen berri emango du, lagungarri gerta dakien artearen arloko pertsonei nahiz era horretako haurren errehabilitazioan eta gizarteratzean lanean diharduten beste pertsona batzuei.

Beste hizlaria Isabel Verdini da, Verdini Dantza Taldearen sortzailea (argazkian agertzen da taldea). Down sindromea duten kideek osatua da dantza talde hori, eta 1992an hasi zen lanean, minusbaliotasuna duten pertsonen gaitasun artistikoen trebakuntzarako eta garapenerako aukerarik ezari erantzuteko. “Harrezkero –dio Verdinik–, etengabe aritu gara lanean, zorrotz, ganoraz eta iraunkorki. Minusbaliotasunen bat duten pertsonen garapenaren eta integrazioaren alde eta xede horrekin lan egiten dugu. Bizi behar duten ingurunean egoki moldatzeko moduko garapena lantzea da gure helburua. Betiere, dantzaren bidez; dantza garaikidearen bidez, hain zuzen. Gizarteari erakutsiz zer gaitasun artistiko duen kolektibo horrek, eta pertsona horiei irtenbide profesionalak bilatuz ohiko lan esparruetatik kanpo. Inteligentzia maila edozein dela ere, pertsona oro da berezko balio batzuen jabe, eta balio horiek garatu eta areagotu egin ditzake, baldin eta mugarik ezartzen ez bazaio eta aurrera egiteko aukera ematen bazaio”. Isabel Verdinik jendaurreko entsegu bat egingo du Topi zentroko agertokian, hitzaldiaren osagarri.

EHUren Udako Ikastaroak Topic zentrora datoz


Tolosako txotxongiloen Nazioarteko Zentroko arduradun Idoya Otegui eta Miguel Arrechek 'El teatro de marionetas: un recurso educativo' ikastaroa zuzenduko dute, Euskal Herriko Uniberitstatearen XXX. Uda Ikastaroetan.

Jardunaldia Topic-en izango da, uztailearen 4an, eta helburu hau du: agerian uztea txotxongilo antzerkia hezkuntzarako baliabide bikaina dela, ikasleak motibatzeko eta haien ikaskuntza sendotzeko eta indartzeko gaitasun aparta duelako, curriculumaren arlo guztietan, hasi eskolaurretik eta Bigarren Hezkuntzaraino. Izen-ematearen prezioa 42 eurokoa da, eta 10 orduko balio akademikoa izango du. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu honako telefono zenbaki honetara: 943219511.

Bestalde, txotxongiloak ahozko eta ez-ahozko komunikazioa sendotzeko ematen dituen aukerak ere aztertuko dira, baita pentsamendu kritikoa garatzeko eta gatazkak konpontzeko zein lagungarria izan daitekeen ere, betiere, kontuan hartuta mehatxurik gabeko giroak haurren adierazpena eta sorkuntza sustatzen dituela, eta lankidetza eta talde lana sendotzen. Ikastaroaren bidez, halaber, erakutsi nahi da hezkuntzarako txotxongiloak haur herabeen premiei nola erantzun diezaiekeen eta/edo nola balia daitezkeen askotariko ikaskuntza teknikak, egitura tipikoa duen ingurune batean landu ezin daitezkeenak barne.

Hiru hitzaldik osatutako ikastaroa da. Lehen hitzaldia, 'Los títeres en la educación en Euskadi', Enkarni Genuak emango du; Filosofia eta Letretako lizentziaduna da bera, eta Txotxongillo taldearen sortzailea. Bigaren irakasgaia 'Introducción' izango da, eta New Yorkeko Brooklyn Arts Councileko Arte Zuzendari Carol Sterlingek emango du. Hizlari berak emango dio amaiera jardunaldiari, “Actividad - romper el hielo” hitzaldiarekin.

Gaur egun, New Yorkeko Brooklyneko Arte Kontseiluko Hezkuntzako Arteen Zuzendaria da Carol Sterling (BAC). Kargu horretan, New Yorkeko 100 ikastetxe publiko baino gehiagotako hezkuntza artistikoko programak diseinatzen, gauzatzen eta ikuskatzen dihardu; urtean 27.000 ikaslek baino gehiagok lantzen dituzte programa horiek. Haren ardura da, besteak beste, arte bisualak, eszenikoak eta literarioak –txotxongiloa barne– eta artea eta teknologia irakasteko 125 artista kontratatzea eta haien lan gainbegiratzea. Arte Eszenikoetarako John F. Kennedy Zentroak (Washington, DC) ematen duen Hezkuntzako Arteen saria eskuratu du.

 ‘Artea eta terapia’ ikastaroari buruzko informazio gehiago

'Txotxongilo antzerkia, hezkuntzarako baliabide gisa’ ikastaroari buruzko informazio gehiago


 



jarraitu Facebook-en