Colorín txotxongiloari buruzko aldi baterako erakusketa zabalik da


Ospe handieneko pertsonaia izan zen, Gipuzkoako eta hurbileko beste herri batzuetako haurren artean, 50eko hamarraldiaren erdialdetik 80ko hamarraldira

Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Zentroak aldi baterako erakusketa eskaini dio Colorín pertsonaiari. 1955ean sortu zen pertsonaia, Donostian, José Luis Villarejoren eskutik, eta Gipuzkoako eta inguruko beste herri batzuetako milaka haurren gozamenerako txotxongilo emanaldiak eskaini zituen 2008ra arte, baina, batik bat, laurogeiko hamarraldira arte.

 Erakusketa ekainaren 12ra arte egongo da zabalik, eta Villarejoren alargun eta haren lankide artistiko Conchita Momeñek Colorínen ondare guztia Topic Museoari eman izanari esker antolatu ahal izan dute.

Material horren bidez, hain zuzen ere, bisitariak Colorín eta ikuskizuneko gainerako txotxongiloak nolakoak ziren ikusi ahal izango du, baina orobat ikusi ahal izango du haien antzoki txikia, baita bestelako material asko ere. Guztira 28 panpina jarri dituzte erakusgai, eta sei dekoratu, antzokitxo osoa, argazkiak eta askotariko dokumentuak (herrietako kontratuak, gidoiak, Gabonetako postalak, taldearen gutun-azalak eta orriak…); horrekin batera, soinu, argi eta garai hartako atrezzoko osagaiak ere bildu dira.

Colorín Gipuzkoa osoan barrena ibili zela esan daiteke, eta Bizkaiko, Nafarroako eta Arabako toki askotan ere izan zen. Batzuetan, landa eremura jotzen zuen, hango haurrei bere abenturak erakustera. Estuasun eta larrialdi handiak bizi izaten zituen haiekin batera, baina beti ateratzen zen onik, haurren laguntza eskuzabalari esker.

50 urte inguruko jarduna amaituta, Topic zentroan hartuko du atsedenleku; hantxe kontserbatuko dute Colorín, eta hara jo ahal izango dugu oholtza gainean ezagutu genuenok, haren oroitzapena biziberritzera, baita haren abenturak bizi ez zituzten belaunaldi gazteagoek ere, pertsonaia ezagutzera. Erakusketa honek agerian utziko duenez, Colorín alaitasuna izan zen, gozamenezko denbora-pasa, arlo sozialean eta ekonomikoan garai ezin ilun eta gogorrago batean. Hala, herri guztietan egoten ziren Colorín iristeko irrikaz, eta hark eta haren txotxongiloek ez zuten huts egiten urteroko hitzordura.

Adolfo Ayuso txotxongiloen arloko adituak erakusketa honetako katalogorako idatzi zuen moduan: “Colorínek euskal haur askoren ilusioa piztu zuen. Haien begiek emozioz dizdiz egin ohi zuten Colorín pertsonaia Remolacha sorginarekin edo Herensugearekin borrokatzen zenean, Pachuchita printzesa salbatu nahian. Historiak gauza asko argitu ohi ditu. Eta gauza bakoitzak dagokion tokia aurkitu behar du historia horretan. Bere alderdi on nahiz txarrekin. Ez baitago historia alfonbrapean ezkutatzea baino gauza okerragorik. Topic zentroaren erakusketa hau egin beharreko zerbait zen; horren bidez, Euskadiren irudia eta bertako txotxongiloak mundu osora zabaltzeko zereginean lanean jarraituko du”.


Informazio gehiago:

'Alrededor de Colorín. 1939 eta 1975 arteko txotxongiloak'. Adolfo Ayusoren artikulua

'Colorinen txotxongiloa'. Javier Mª de Sada

Conchita Momeñeri elkarrizketa



Tokia: Topic (Euskal Herria plaza – Tolosa) 943650414
Ordutegia: Lanegunetan: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Asteburuetan: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Sarrera erakusketa itxi baino ordu erdi lehenago itxiko da.
Prezioak: 2 urtetik beherako haurrak: doan. 2 eta 12 urte bitarteko haurrak: 2 €. Helduak: 3 €. Tarifa murriztua: haurrak 1,5 €, helduak 2 €. Tarifa murriztua taldeei (gutxienez 15 lagun) eta erretirodun eta langabeei (dagokien egiaztagiria erakutsiz gero) aplikatuko zaie. Aldi baterako erakusketarako txartela ordainduta, Txotxongilo Museoa ere bisita daiteke.
Data: Ekainaren 12ra arte.

 












Bisita bannerrak


jarraitu Facebook-en


jarraitu Twitter-en




En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.