Unimaren Udako Eskolarako izena emateko epea zabalik da
Asteartea, 2011(e)ko martxoa(r)en 22-(e)an 12:39etan

Ekainaren 27tik uztailaren 4ra egingo da Udako Eskola, txotxongiloen arloko profesionalen prestakuntza eta gaitzea helburu hartuta
Unima Federación España, Unima Euskalherria eta Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak, Udako Eskola antolatu dute, txotxongiloen arloko profesionalen trebakuntzarako eta birgaitze profesionalerako.
Nolanahi ere, aurtengo eskaintzaren bidez, txotxongiloariengana ez ezik, artearen eta hezkuntzaren beste esparru batzuetako jendearengana eta artea maite duten ororengana ere iritsi nahi dugu. Gauza jakina baita gero eta ikuskizun gehiago sortzen ari direla askotariko teknikak uztartuta eta bateratuta, guztiz aberasgarria gertatzen den mestizaje baten bidez.
Udako Eskola honetako ikastaro nagusia ‘Phillipe Gentyren mundua: sarrera’ izenburukoa izango da. Ikastaro horrek, ikuspegi berri bat erakutsiko digu, eta antzerki hizkuntza bisuala sortzeko diziplina anitzetako tresnak eskainiko dizkigu: antzezpena, dantza/mugimenduak, objektuak eta manipulaziorako materialak.
Ikastaro horrez gainera, aipatzekoa da Claudio Hochman adituaren parte-hartzea: hain zuzen ere, objektuen antzerkiko zuzendari bikain horrek bere esperientziaren berri emango du, zuzendaritza eszenikoari buruzko bi hitzalditan. Hitzaldien osagarri, hark zuzendutako bi ikuskizun ikusi ahal izango dira.
Arlo plastikoan, zeinetan baita hain beharrezkoa eguneratzea eta metodo berriak saiatzea, Javier Gallego arituko da: latexaren teknika irakatsiko digu, ezin baliagarriagoa txotxongiloen nahiz antzezleen antzerkian, zineman eta eskulturan, adibidez.
Era berean, antzerkiaren eta hezkuntzaren arteko erlazioari tarte bat egingo zaio Udako Eskolan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan antolatutako jardunaldi batean. Eta “artea eta terapia” gaiari buruzko hitzaldi-solasaldi bat ere izango dugu, Mila Iglesiasek gidatua.
Eskolak iraungo duen egunetarako, txotxongiloen hiru ikuskizuneko egitaraua antolatu du TOPIC zentroak. Tolosako ikusleentzat ez ezik, Eskolako parte-hartzaileentzat prestatuko dituzte emanaldi horiek; ez baitugu ahaztu behar alderdi ludikoa lantzeak zer-nolako garrantzi duen, gogoetarako eta, beraz, ikaskuntzarako era honetako jardunaldietan.
Eskolari buruzko informazio osoa
Izena emateko orria
