Aldi baterako erakusketa berria inauguratu da




‘Indonesia, Wayang Golek’ erakusketak 91 pieza biltzen ditu, egikera eta estetika zoragarrikoak.


Indonesiako txotxongiloak izango dira protagonista urriaren 23an (larunbata) Topic zentroan inauguratuko den aldi baterako hurrengo erakusketan. ‘Indonesia, Wayang Golek’ du izena erakusketa berriak, eta 91 txotxongilok osatua da; pieza guztiak hagatxodunak dira, bat izan ezik, itzal bidezkoa hori. Guztiak dira Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren funtsekoak.

Topic zentroak ateak zabaldu zituenetik antolatutako aldi baterako laugarren erakusketa da ‘Indonesia, Wayang Golek’; urtebetean egingo den laugarrena, beraz. Lehena ‘Maliko txotxongiloak izan zen; eta haren ondotik etorri ziren ‘Txina, tradizioko pertsonaiak’ eta ‘Panpina biziak, 30 urtez’.

Orain inauguratutako erakusketa urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai. Bertan, ikusleek tankera jakin bateko txotxongiloak aurkituko dituzte, “guztiek baitute erabilera teknika bera eta estetika bera”, Topic Museoko Dokumentazio Zentroko arduradun María San Sebastiánek dioenez. “Nolanahi ere –dio–, eta itxuran duten berdintasun hori gorabehera, denak dira elkarren bestelakoak, burukoetan, jantzietan edo azalaren kolorean”.
Erakusgarri jarritako ia ehun piezetako bakoitzak “pertsonaia jakin bat irudikatzen du, olerki epiko-erlijiosoetakoak eta Indonesiako beste tradizio batzuetakoak; hori dela-eta, nortasun berezia dute, eta ez dira, inola ere, halabeharrezkoak”. Itxura berezia dute formei eta koloreei dagokienez: “Beren apainduren eta itxura fisikoaren xehetasun orok du esanahia. Erakusketara etortzen diren bisitariek, beraz, txotxongilo eder eta preziosistak aurkituko dituzte”, San Sebastiánek azaldu duenez.

Topic zentroaren zuzendarikide Idoya Oteguik, bestalde, erakusketaren garantiza azpimarratu du; izan ere, “Unescok Gizateriaren Ahozko Ondare Ez-material izendatuta dauka Wayang Golek txotxongiloa”. Tolosako Txotxongilo Jaialdiko eta, orain, Topic guneko arduradunek mundu osoan piezak aurkitzeko eta eskuratzeko egindako lanari esker, Tolosako museoak mota honetako txotxongiloen bilduma bikaina osatu du. “Horrela ospatu nahi izan dugu Topic abian jarri zeneko urteurrena, merezitako omenaldia eginez Indonesiatik datorren eta Malaysian ere lantzen duten txotxongilo tradizio estilo honi", dio Oteguik.

Wayang antzerkia Bali, Java, Sunda eta Javaren eraginpeko Indonesiako eta Malaysiako eskualdeetako antzerki tradizionala da. Adituen ustez, jatorrian “itzal” esan nahi zuen haren izenak eta, beraz, itzalen antzerkiari egiten bide zion erreferentzia. Wayang antzerkia, oro har, Gizateriaren Ahozko Ondare Ez-material izendatu zuen Unescok 2008an, eta herrialde haren nortasun ikur bihurtu da horrela, nahiz eta oraindik bizirik diren eskualdeen araberako zenbait aldaera.

 ‘Wayang Golek’ antzerkian hagatxodun txotxongiloak erabiltzen dituzte, eta burua eta gorputza elkarri lotzen dizkion ardatz nagusi baten bidez eta beso bakoitzean duten hagatxoaren bidez mugitzen dira. Pertsonaiak aurpegiaren eta burukoaren arabera bereizten dira. Jainkoak (dewa / batara), nobleak (satria), tximuak (wanara), erraldoiak (raksasa) eta deabruak (buta). Baina denak osagai komunez hornituak, makillajean, burukoan eta janzkeran.

Tokia: Topic (Euskal Herria plaza – Tolosa)
Ordutegia: Lanegunetan: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Asteburuetan: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Sarrera erakusketa itxi baino ordu erdi lehenago itxiko da.
Prezioak: 2 urtetik beherako haurrak: doan. 2 eta 12 urte bitarteko haurrak: 2 €. Helduak: 3 €. Tarifa murriztua: 2 €. Tarifa murriztua taldeei (gutxienez 15 lagun) eta erretirodun eta langabeei (dagokien egiaztagiria erakutsiz gero) aplikatuko zaie. Aldi baterako erakusketarako txartela ordainduta, Txotxongilo Museoa ere bisita daiteke.
Data: Urtarrilaren 31ra arte.

TOPIC/Euskal Herria plaza. Tolosa.
+34 943 650414



Topic Plus
Sarrera salmenta


 

Bisita bannerrak


jarraitu Twitter-en




jarraitu Facebook-en


En ToPic Tolosa utilizamos cookies para mejorar la experiencia de los usuarios, facilitando la navegación por nuestra web. Estamos haciendo todo lo posible por facilitar el uso de dichas cookies, así como su gestión y control al utilizar nuestros servicios.
Para más información visite nuestra política de cookies aquí.